Vendetta, Gora Herria eta, zelan ez, Egan Elgetako jaietan taula gainean

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 25a, 14:32

Erromeriek eta estilo askotariko musika taldeek girotuko dituzte jaietako kontzertu gauak

Kontzertu bereziak izango ditugu aurten Elgetako jaietan. Jaien batzordetik adierazi dutenez plazako musika taldeen maila igotzeko ahalegin berezia egin da aurten. Hala, barikuan Vendetta taldearen kontzertua izango dugu. Ska-punk erritmo bereziak egiten ditu Vendettak, eta Atzo, gaur eta bihar azken diskoko kantuak eskainiko dituzte Elgetan. Vendettaren ondotik Gora Herria taldeak joko du. Erromeria-zaleen munduan dagoeneko talde ezaguna da. Bertsioz bertsiora eroango dituzte gazteen dantza nahiak, Jo ta ke-tik hasi eta Muguruzaren sorkuntzetara heldu arte.

Zalantzarik gabe, zapatua —hilak 28—, eta barikua —hilak 29— izango dira egun indartsuenak musikari dagokionean. Vendetta eta Gora Herria taldeen emanaldiaren ostean, zapatuko Herri Egunean Jainaga eta Narbaiza trikitilariek egingo dute erromeria.

Egun berdinerako, gazteen lokalean ere kontzertua iragarri dute: Brutal Calling, Kruders eta Zantarrak taldeek egingo dute. Emanaldia 18:00etan hasiko da. Iluntzean, festak plazan izango du jarraipena Egan taldearekin. Elgetarrak dantzaldira askotan animatu izan dituen taldea da Egan, eta Saldiasen taldea klasiko bat da Ferixa Nagusian.

Gaztetxean ere egongo da zuzeneko musika zapatu gauean: Descantillaos eta Margot taldeen kontzertua, hain zuzen ere.

Eguenean eta domekan

Egueneko Mozorroen egunerako DJ Xaibor iragarri du jaien batzordeak plazan. Gaztetxean, berriz, jaietako beste klasiko bat: Xero Xette taldea. Barikuan, berriz, erretiratuek Jose Gardokirekin egingo dute bazkalosteko erromeria Espaloian, eta jaiei amaiera emateko gaztetxetik Mor Moreren kontzertu akustikoa proposatu dute domekarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak