Egun berezia izan da gaur Herri Eskolako neska-mutikoendako. 2012-2013 ikasturteko azken eguna izan da, eta jolasean, kantuan eta dantzan eman dute goiz osoa. Ohikoa denez ikastetxeko ikasle eta irakasle guztiek bazkari berezia egin dute; ikasturteko azkena. Urte hauetan guztietan gaurko egunarekin eskolako jolastokian elkartu izan dira bazkaltzeko, baina aurten Domingo Iturbeko frontoi zaharrean agurtu dituzte eskolak.
Eskolako umeak jolastokirik gabe egon dira ikasturte osoan zehar, eta lanak egin bitartean Maala parkea erabili dute goiz erdiko zein arratsaldeko atseden orduan. Lanak, ordea, amaitzear daude. Frontoia eta frontoiaren aurreko aldeko urbanizazio lanak eginda daude. Frontoia pintatzea besterik ez da falta. Hala, mahaiak eta aulkiak ipini eta bertan bazkaldu dute gaur ehun bat lagunek. Goiko aldeko harmailak egitea falta da oraindik, eta horretan dihardute Goitu enpresako langileek.
Guztiz amaitu arte itxita
2013-2014 ikasturte hasierarako lanak amaituta egongo direla adierazi dute Elgetako udal arduradunek. Bien bitartean, eta segurtasun neurriak tarteko, gune osoa itxita egongo dela jakinarazi dute, lanak guztiz amaitu arte.