Taxibus zerbitzu berrian derrigorrezkoak izango dira Mugi edo Lurraldebus txartelak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 19a, 18:17

Uztailaren 1etik aurrera, aste barruko egunetan, Bergara eta Elgeta lotzeko bost taxibus zerbitzu berri izango dira

Elgeta eta Bergara arteko lotura hobetzeko taxibus zerbitzu berria iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailerako. Ordainketa Mugi edo Lurraldebus txartelekin egin beharko da derrigorrez, eta geltokiak bost izango dira: Pagatzako biribilgunea, Mendizaleen plaza, Ubera auzoa, San Juan auzoa, Oxirondo plaza, eta Ibargaraiko autobus geltokia.

Bidaiaren prezioa 0,88 euro izango da. Hileko hogeigarren bidaiatik aurrera 0,70 euro, eta 50 bidaiatik gora eginez gero 0,17 euro.

Martxan jarriko diren zerbitzu berrietako batzuk finkoak izango dira, eta beste batzuk eskaripekoak. Zerbitzua eskatzeko 943 000 117 telefono zenbakira deitu beharko da bezperako 18:00ak baino lehen. Eskaera www.mugigipuzkoa.com atariaren bitartez ere egiteko aukera egongo da.

Oxel Erostarbe alkateak pozik egoteko moduko albistea dela esan du. "Bere egunean egin genuen parte hartze prozesu bat herritarren beharrak jakiteko. Hortik hainbat ordutegi irten ziren, eta bere egunean egin zen proposamen bat Diputazioari. Orain, bost zerbitzu berri ipiniko dira orain arteko zerbitzu eskasari erantzungo diona".

Udalak informazio bilera iragarri du astelehenerako, hilak 24, 19:00etan. Bertan, taxibus zerbitzu berria aurkeztea eta erabiltzaileen zalantzak argitzea da asmoa. Gipuzkoako Diputazioko Azpiegiturak eta Mugikortasun Foru Diputatu Larraitz Ugartek ere taxibusa erabiltzera animatu ditu elgetarrak. "Garraio publikoa hobetzeko eskaera aspaldikoa da Elgetan, eta taxibus sistema herri txikietan asko erabiltzen den formula da", esan du Ugartek.

Zerbitzu berriak

Aste tarteko egunetan bost zerbitzu berri izango dira: 12:45ean, 16:10ean, 18:50ean —eskaripekoa—, 19:50ean eta 21:00etan —eskaripekoa—. Aste bukaeran, berriz, zerbitzu berri guztiak izango dira eskaripekoak: 13:45ean, 16:10ean, eta 21:15ean.

Erabiltzaileek egin dute lehenengo eskaera: gaur egun aste tartez 11:30ean Bergaratik Elgetara igotzen den taxibus zerbitzua ez kentzeko, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak