Irakasleak zein gurasoak kezkatuta murrizketekin eta Lomce legearekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 12a, 17:49

Hezkuntza Sailak testuliburuen mailegu programa kentzen badu, familiek egin beharko dute ordainketa osoa.

Herri Eskolako ikasleak ikasturte amaiera prestatzen hasita daude. Atzo, martitzena, ikasturte amaierako irteera egin zuten, eta egunotan barikuan egingo dute ikasturte amaierako ikuskizuna prestatzen ari dira. Ikuskizuna Espaloian egingo dute, 15:00etan. Ordubete inguruko saioa izango da. Gero, astebete geldituko zaio ikasturteari, izan ere, ikasleek hilaren 21ean amaituko dituzte eskolak.

Hurrengo ikasturtea

Bestelakoak dira irakasleen eta gurasoen kezkak. Etor daitezkeen murrizketak, Lomce legearen aplikazioa... informazio zehatzik ez dago, eta ezjakintasun horrek kezka sortzen du.

Ekainaren 5ean egindako Eskola Kontseiluan jakitera emandakoaren arabera datorren ikasturtean gela bakar batean egongo dira 3 eta 4 urteko umeak. Hala, irakasle bat gutxiago aurreikusten dute Haur Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak, ordea, banatu egingo dituzte. Hala, irakasle bat gehiago izango du ikastetxeak ziklo horretarako.

Ezbaian jarraitzen du testu liburuen mailegu programak. Lehen Hezkuntzako ikasleek 26-30 euro inguru ordaintzen dituzte testu liburuak ikasturteko. Hezkuntza Sailak programa hori bertan behera uzten badu hurrengo ikasturtean kopuru hori 118-138 euro ingurukoa izan daiteke.

Lomce legea

Wert ministroaren lege erreforma kezka iturri da Elgetan ere. Atzo, martitzenean hamaika gurasok eta bost irakaslek jarraitu zuten Lomce legeari buruzko informazio bilera. Baikara elkarteko Imanol Zubizarretak hainbat azalpen eman zituen, eta argi hitzegin zuen: "Legea 2013ko azaroa baino lehen onartzen badute, 2014ko irailean aplikatu nahiko dute. Akaso egongo dira aplikazio hori atzeratzeko formulak, eta garrantzitsua da hezkuntza komunitate osoa bateratuta egotea. Otsailean adostasun garrantzitsu bat lortu zen Lomceri ez, gure hezkuntzari bai dokumentuarekin. Bide horretan jarraitu behar dugu lanean", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak