Gisatu lehiaketarekin batera puzgarria eta argazki lehiaketa aurtengo Koadrilen Egunean

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko eka. 3a, 20:00

Egun osoko egitaraua prestatu du Udalak ekainaren 8an, zapatua, egingo den Koadrilen Egunerako.

Hurrengo zapaturako antolatu duen gisatu lehiaketan parte hartzera deitu ditu Udalak herriko koadrilak. Mahaiak, eta kazolak Udalak ipiniko ditu, eta prest egongo dira herriko plazan 10:30erako. Une horretatik aurrera parte hartzaileek hiru ordu eta erdiko epea izango dute hamar lagunendako gisatua prestatzeko.

Koadrilek 14:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak, eta epaimahaiko kideek bi ezaugarri puntuatuko dituzte: zaporea eta itxura. Sari banaketa 14:30ean egingo dute: 75 euro eta garaikurra irabazleendako, 40 euro bigarren sailkatuendako eta 25 euro hirugarren egiten dutenendako.

Ekintzak umeendako ere

Indartuta dator Koadrilen Eguna. Bosgarrena izango da aurtengoa, eta orain arte moduan lehiaketaren osterako herri bazkaria eta erromeria daude antolatuta. Dantzarako giroa, honako honetan, Luhartz taldeak ipiniko du, eta 17:00etatik hasiko dira erromeriarekin.

Berrikuntzei dagokienez haurrendako puzgarria eta gaztetxoendako argazki maratoia nabarmentzen dira. 11:00etan hasiko dira bi ekintzak. Eguraldi txarrarekin, puzgarria frontoian ipiniko dute. Iluntzerako iragarrita dagoen bits festa zalantzan dago: eguraldi txarra bada ez da egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak