Aho batez onartu dute Elgeta Zero Zaborren idatzia

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko mai. 29a, 16:27

Atzoko egindako osoko bilkuran, bestalde, eguneko zentroko eta udal kiroldegiko esleipenak onartu zituzten.

Erabaki esanguratsuak hartu zituen atzoko osokoan Elgetako udalbatzak. Esaterako, udal kiroldegiko ustiapena, berriz ere, Jose Monterrosori esleitzea erabaki zuen aho batez. Eguneko zentroa eta etxebizitza tutelatuaren esleipena ere berritzea onartu zuten; Eulen enpresari, hain zuzen ere.

Elgeta Zero Zaborren idatzia

Udalbatzak aho batez onartu zuen baita ere Elgeta Zero Zabor taldearen idatzia. Hala, erabaki horren bitartez Udalak bere egiten du hiru puntu jasotzen dituen konpromiso etikoa. Helburua da "sortutako zaborra jasotzen duten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragitea". Hori bete ahal izateko ondorengo neurriak hartzeko konpromisoa hartu du Udalak: "Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko burutu ditzakeen ekintzak aztertu eta abian jartzea (...); sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza hoberenak lortzen dituzten bilketa sistemak ezartzea (...); eta herritarren parte hartzea bultzatzea herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten".

Elgeta Zero Zabor taldearen idatziak Elgetako Aralar-Independenteak taldearen, Bilduren eta EAJren babesa jaso du. Oniritzia eman aurretik, ordea, EAJko bozeramaile Patxi Basaurik zenbait argibide eskatu zituen. Galdetu zuen, besteak beste, zeintzuk diren orain arteko zaborren kudeaketarekin elgetarrek egindako eta aitortzea eskatzen zaizkien kalteak. "Badirudi orain arte ez dela ezer ondo egin zaborren kudeaketan. Herritarrek egin dute eskatu izan zaiena, besterik ez. Gaizki egin dute?", galdetu zuen Basaurik. "Badirudi orain Zero Zabor etorri dela, eta dena konponduko duela", gaineratu zuen.

Udalkuetako hezitzaileen soldatak gora

Eztabaida iturri izan zena uztaileko hezitzaileen soldata izan zen. Gaia batzordeetan aztertu dute, eta azkenean, 5. kontratazio maila aitortuko die Udalak langile horiei; iaz soldata gordina 850 eurokoa bazen, aurten 1.006 eurokoa izango da. Baina oposizioa ez da guztiz gustura gelditu: "Aurrerapausoa da, baina Udalak onartuta daukan gutxieneko kontratazio maila 7. bada, eta maila hori ezarri bada gainontzeko kontratazioetan —ludoteka eta gaztelekuko hezitzaileak, liburutegiko langilea, turismo teknikaria, brigadan...—  ez dugu ulertzen zergatik egiten den diferentzia langileokin", esan du Bilduko Janire Lazkanok.

Oxel Erostarbe alkateak erantzun du egoera ekonomikoa zaila izan arren Elgetako Udalaren apustua zuzeneko kontratazioa egiten jarraitzea dela. "Lan baldintzak hobetzeko erabakia hartu dugu, eta ez ditugu ulertzen Bilduk Elgetan egiten dituen kritikak ikusita bailara mailan hezitzaileek herri honetan dituztela lan baldintza onenak".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak