Whiskiak berotutako gaua

Jagoba Domingo 2013ko mai. 26a, 11:00

Bizardunak taldea Elgeta Espaloian egon zen atzo 'Berria'-k antolaturiko bira kulturaleko agendaren barruan eta gaua hotz hasi zen arren festa polita izan zen.

Berria Taldearen kultura bira Debagoienera heldu zen zapatuan, Elgetako Espaloira hain zuzen. Hamar urte dira Euskaldunon Egunkaria itxi eta abentura Berria-rekin hasi zirenetik, eta oraingoan, urte hauetan guztietan herritarrek emandako babesa eskertu nahi izan dute bira eginda. Horretarako Euskal Herri osoan barrena,  eskualdez eskualde dabiltza antzerki, bertso saio edo kontzertuak antolatzen. Guztira 30 ekitaldi egingo dituzte, eta zapatuan Bizardunak taldearen txanda izan zen.

Berria opa eta topa bideoaren emanaldiarekin hasi zen gaua. Ikus-entzunezkoan, Berria zer den azaltzen saiatzen dira hainbat pertsonaien testigantzekin. Joanmari Larrarte, egunkariko Berria Taldeko kontseilari ordezkaria ekitaldian egon zen, jasotako babesa lehen pertsonan eskertzeko. Horren ostean, Nafarroako iraultzaileen ordua heldu zen.

Botila beteta dagoen bitartean

Kontzertua hotz hasi zen, ikusle batzuk hasieratik gogotsu zeuden arren, taldeari eta publikoari martxan jartzea kosta zitzaien. Hala ere, whiski botila eta garagardoa agertu zenean kontzertuaren norabidea aldatu zen.  Nazi de fresa kantuan dioten bezala, defendatuko dut nire arbasoen ideia botila beteta dagoen bitartean. Bizardunekin ohikoa den bezala, festa eta iraultza giroan murgildu zituzten ikusleak, eta botilari tragoak eman bitartean tenperaturak gora egin zuen.

Zapatuan bateria-jole barik etorri ziren Espaloira, baina baxu-joleak ondo baino hobeto eraman zuen taldearen erritmoa, eta ez da lan makala agertokian dauden instrumentu guztiak kontutan hartuta. Musikari bezala duten kalitatea agerian utzi zuten beste behin, baina alderdi horrek laister eman zion paso ohi duten kontrol ezari; horixe da, hain zuzen, taldearen ezaugarrietako bat. Hala ere, publikoak horixe nahi izaten du, eta ondo baino hobeto egiten dutela frogatu zuten.

Folk-rock-a baino gehiago

Hiru diskoen errepasoa egin zuen zortzikoteak eta azkenaldian The Pogues edo The Dubliners taldeen herentzia hain presente ez izan arren, Espaloira gerturatutakoek ederto disfrutatu zuten dantzan eta abesten. Folk eta rock doinuak nagusi izan baziren ere, country edo psikodelia zertzeladak utzi zituzten Elgetako gauean.

Ordu eta erdiko emanaldi bizi, dibertigarri eta beti bezala politikoki ez egokia eskaini zuten. Cabezafuego-ren letrak bereziak direla argi dago, eta zuzenekoetan diskoan baino are indar handiagoa lortzen dute publikoren konplizitatearekin. Amaitzeko Nazi de Fresa kantua jo zuten eta beti bezala Mondragon Kooperatiba gogora ekarri zuten.

Joanmari Larrarte, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria

Berria Taldearen kultura bira aurkezteko Espaloian egon zen egunkariko Gobernu Kontseiluko idazkaria.

Herritarrak Berria-rekiko duten babesa islatzen al da egunerokotasunean?

Bai. Berria sortu bagenuen, herriaren babesa genuelako izan zen. Hamar urteetako ibilbidean ere, babes hori sentitu dugu. Batzuetan, herriz herri irakurleak baditugula ikusi dugulako eta beste batzuetan ere, Berria aurrera ateratzeko egiten ditugun kanpainekin bat egiten dutelako. 

Debagoienean izan duzuen bigarren zita da, zer nolako erantzuna jaso duzue?

Oso pozik gaude, gaurkoa ondo doa eta Arrasaten egin genuenak harrera oso ona izan zuen. Arrasateko ekimena Debagoienetik sortutakoa izan zen, beraz, Berria-k Debagoienean duen babesa eta lotura argi dago. Hori guretzako pozgarria da eta ilusioa ematen digu etorkizunerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak