Lasterketa bertan behera uztea pena handia izan dela aitortu digu, eta era berean amorru handia eman diola: "Urteko lasterketa garrantzitsuena da, gainera etxean jokatzen da eta badakizu jende asko joango dela zu animatzera… amorru handia eman dit bertan behera uzteak". Erretiratu arren zaleen aldetik animu asko jaso dituela azaldu du Kortazarrek.
Erritmo gogorregia jarri dute
Astea ondo pasatu duela esan digu, ez duela arazorik izan, baina gaurkoan ez dela egun ona izan. Hori uste du Kortazarrek, ez du beste arrazoirik ikusten: "Hasieratik izan ditut sentsazio txarrak eta ezin izan diot horri buelta eman. Ez nindoan ondo, postuak galtzen hasi naiz… hala, onena lasterketa uztea dela erabaki dut. Nire ustez, hasierako kilometroetan lehenengo postuan joan den Stevie Kremer korrikalariak (hirugarren egin du) erritmo gogorregia jarri du; larregi eman dut erritmo horri eusteko eta azkenean ahul sentitu naiz".
Kilian Jornet, Aizkorriko erregea
Jornet kataluniarrak seigarren aldiz irabazi du Aizkorri-Zegamako mendi maratoia (3.54:38). Gaurkoan, baina, aurkari gogorra izan du. Luiz Alberto Hernandok hamar segundo gehiago besterik ez ditu behar izan lasterketa amaitzeko. Hirugarrena Tadei Pivk izan da (3:59:07).
Emakumezkoetan, munduko txapelduna den Emelie Forsberg izan da azkarrena, 4.48:12ko denborarekin. Bigarrena Nuria Picas izan da, 4.49:55; eta, hirugarren sartu da Zegamako helmugan Stevie Kremer, 4:49:58.
Debagoiendar onena Iban Letamendi
Debagoiendarren artean onena Iban Letamendi oñatiarra izan da. 4:26:48ko denbora egin du Letamendik Zegamako helmugan.
Bigarren debagoiendarra Aritz Kortabarria arrasatearra izan da (4:38:38); eta, hirugarrena Mikel Navarro arrasatearra (4.54:42).
Emakumezkoen artean Lukene Igartua oñatiarra izan da Zegamako helmugara iritsi den emakume debagoiendar bakarra. Igartuak 7:36:30eko denboran egin du maratoia.