Kontzertu indartsuak eta elkartasun festa aste bukaeran gaztetxean

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko maiatzaren 9a

Herri maputxea izango da protagonista zapatuan.

Aste bukaera betea dute gaztetxean. Barikua, BC Bombs talde bilbotarrak eta Argentinako Argies laukoteak egingo dute kontzertua 22:00etan hasita. Sarrera bost euro da, eta lehenengo garagardo upela doan emango dute.

Zapatuan, beste hiru talde igoko dira gaztetxeko eszenatokira. Egunak elkartasun kutsua izango du hasieratik. Herri maputxearen inguruan antolatutako emanaldia izango da zapatukoa, izan ere ikus-entzunezkoa eta mahai ingurua ere antolatu dituzte gaztetxean. "Guaka taldeak euren egitasmoaren berri eman zigunean bat egitea erabaki genuen", adierazi dute Elgetako Gazte Asanbladatik. "Nahiz eta Bordelen bizi txiletarrak dira, eta taldearen irabazien zati handi bat preso politiko maputxeen senitartekoei bideratzen dute".

Asanbladakoek antzekotasun handiak ikusten dituzte euskal herriaren eta herri maputxearen artean. "Hizkuntza propioa dute, zapalduak dira, bi Estaturen menpe bizi dira, ez dute estatusik herri bezala...".

Zapatuan, maputxeen errealitatea ezagutzeko ikus-entzunezkoa eskainiko dute gaztetxean, 17:30ean. Gero etorriko dira herri afaria eta kontzertuak. Guaka taldearen aurretik The Torcidos Monkey Dream (Mexiko) eta ZZ Blues Band (Soraluze) ariko dira. Sarrera hiru euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak