Herriko plazan honezkero prest dagoen karpa erraldoiak sortu du zeresana. Elgetako Magia Mostrak hartuko duen guneetako bat izango da honakoa, baina ez bakarra. Karpan, aurten, umeendako magia tailerrak egingo dituzte; zapatu arratsaldean eta domeka eguerdian, hain zuzen ere. Gorputzik gabeko emakumea ere bertan egongo da. Ikusi nahi duenak sartu besterik ez du izango. Ausartu, eta barrura!
Espaloia kafe antzokian, berriz, bi ikuskizun egingo dira aurten. Bata, bariku iluntzean Dani DaOrtiz mago entzutetsuarekin. Ordu eta erdi inguruko saioa izango da, eta aukera izango da ulertzeko zergatik kontsideratzen duten DaOrtiz uneotako mago onenetariko bat. Bizia, umore finekoa eta inprobisazioaren magoa, DaOrtizek bere maisutasuna erakutsiko digu.
Zapatuan, 22:30ean, gala
Bihar, berriz, lehen lerroko bost mago ariko dira Espaloian. Diziplina arteko ikuskizuna izango da, eta nazioarte mailako bost magok egingo dute. DaOrtizek egingo ditu bihar aurkezle lanak, eta eszenatoki gainean izango dira Luis Boyano, Mario Lopez, Pilou, Edama edo Tá Na Manga bikote portugaldarra.
Karta jokoak egingo ditu Pilou frantziarrak, kartak inork espero ez duen lekuetatik agertaraziz. Mario Lopezek, berriz, inoiz ikusi gabeko magia trikimailuak egingo ditu zigarroekin. Tabakoa utzi eta zigarroekin magia egitera pasa da kataluniarra. Luis Boyano ezaguna da Elgetan bigarren aldiz baidator Magia Mostrara. Lisboako nazioarteko magia kongresuan saritutako Kabina Espiritista izeneko ikuskizunarekin dator gurera oraingoan, eta zur eta lur utziko ditu ikusleak. Edamak aho zabalik lagako du publikoa ilusio handien diziplinan egiten dituen maisu-lanekin. Eta Tá Na Manga bikote portugaldarraren saioak ez du inor axolagabe utziko: magia oso berritzailea egiten du bikote honek...
Magia zaletuen elkargune garrantzitsua izango da Elgeta datozen orduetan, eta mundu horretara hurbildu nahi dutenendako aukera polita. Plazako karpako ekitaldian doan dira. Bi magia ikuskizunak ikusteko bonoa, berriz, 21 eurotan dago. Antzokian eta Espaloiaren webgunean daude salgai.
Goiena kluba
Goiena klubak bost sarrera bikoitz zozketatu ditu. Barikuko ikuskizunerako sarreren irabazleak dira: Miren Elixabet Txintxurreta, Jesus Belamendia Agirre eta Espe Lizarralde. Zapaturako sarrerak Ihart Bilbao Muguruzak eta Aitor Aranzabal Gallastegik jasoko dituzte.