Hurrengo ikasturte hasierarako amaitu gura ditu Domingo Iturbeko lanak Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko maiatzaren 3a

Hiru eskaintza aztertu dituzte, eta Goituk egingo du hirugarren fasea ere.

Domingo Iturbeko lanak amaitzeko azken esleipena onartu zuen udalbatzak apirileko osoko bilkuran. Adjudikazio horren barruan sartzen da euste horma, ezinduendako aldapak, harmailak, eta harmailetara Maala kaletik doazen bi sarbideak egitea.
Lanak hasieratik egiten diharduen Goitu enpresaren aurrekontua da udalbatzak aho batez onartu duena; aztertutako hiru aurrekontuen artean merkeena. Hala, Goituk amaituko ditu lanok.

Lanen hirugarren fase horrek 181.747,45 euroko aurrekontua du, eta irisgarritasunaren lanen barruan sartzen da.

Ikasturte berrirako

Udal arduradunek bizkortasuna eman gura diote Domingo Iturbeko lanen azken faseari. "Ea abuzturako bukatzen diren", esan zuen osoko bilkuran Iban Retolaza hirigintza zinegotziak.

Udal ordezkariek azken Eskola Kontseiluan esandakoaren arabera neurri handi batean neguan izan dugun klimatologia eskasak atzeratu ditu lanok, baita proiektuan egin beharreko azken orduko zenbait aldaketak ere. Esaterako, lehenengo asmoa zen harmailetan porlana berdeguneekin txandakatzea. Azkenean, horrelakorik ez egitea erabaki dute neguan, eta eguraldi txarrarekin, berdegune horiek arazoak emango dituztelako: ur putzuak, lokatza...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak