Hogei bikotek hartuko dute parte frontenis txapelketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko maiatzaren 1a

Gizonezkoen txapelketa eta txapelketa mistoa jokatuko dira, iaz baino zortzi bikote gehiagorekin.

Orain arteko markak apurtu ditu Elgetako frontenis txapelketak. Aurten, 20 bikote ariko dira nor baino nor pilotalekuko kantxan: gizonezkoen txapelketan hamabi bikote, eta bikote mistoen txapelketan zortzi. Guztira, iaz baino zortzi bikote gehiago. Asier Osora da antolatzaile nagusia, eta pozik agertu da jasotako erantzunarekin: "Kanpoko hiru bikote ere apuntatu dira, baina erabaki dugu txapelketa herritarrendako egitea", esan du. Hala, izenematea ordaindu eta jokatzerik izango ez duten bikoteei jakinarazten zaie Espaloia kafe antzokian itzuliko zaiela ordaindutakoa.

Emakumezkoen txapelketarako, berriz, bikote bakarra aurkeztu da. Hala, antolatzaileek txapelketa hori ez egitea erabaki dute, eta bikote horri ere dirua itzuliko diote. 

Hasiera maiatzaren 10ean

Lehenengo norgehiagokak hurrengo barikuan, hilaren 10ean, hasiko dira. Bariku iluntzeetan eta zapatu arratsaldeetan jokatuko dira partiduak. "Ligaxkan soilik 94 partidu jokatuko dira", esan du Osorok. "Gizonezkoen txapelketako 66 partidu eta txapelketa mistoko 28". Finalerdiak eta finalak urrun daude oraingoz. Egutegia egitea da orain premiazkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak