Benetako gerra besteko errekreazio gordina

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko apirilaren 28a

1937ko apirileko bonbardaketaren simulazio txalogarria egin dute gaur eguerdian, Intxortako Atean; Elgetako Udala eta Intxorta 1937 Elkarteak gidatuta. “Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez” lelopean jasotako ekitaldi nagusiak harrera itzela izan du, besteak beste, bertaratu den ikusle kopurua aintzat hartuta. Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 elkarteko kidearen esanetan, iazko omenaldian izandako ikuslegoa bikoiztu baino gehiago egin dute, 700 bat lagun, beraz, hesiaren ostean zeudenak.

Ikusleen artean ikusi ditugu, besteak beste, hainbat politikari: Debagoineko Udaletako zinegotzi eta alkateak; Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Isabel Salud, Ezker Anitzeko koordinatzaile orokorra, Ana Otadui, Elorrioko alkatea, Idoia Mendia eta Rebeka Ubera eta Peio Urizar, Legebiltzarkideak.

Horiek guztiak Debagoieneko zein, besteak beste, Elorriotik etorritako 100 boluntariok aurreko asteetan mimo handiz prestatutako lanari errespetuz begira; aktoreen lanaren lagungarri, azpimarratzekoa, Astondoa Pirotekniaren muntaia.

Errekreazioaren aurretik, Larraitz Zeberio, ekitaldiaren aurkezleak emandako azalpenek kokatu gaituzte segidan gauzatu duten gidoian. Zeberiok gogora ekarri zuen Intxortako frontea euskal defentsarentzat leku oso-oso garrantzitsua izan zela, bereziki 1936ko urriaren 4 eta 1937ko apirilekoa. Hiru egunez borrokaldi gogorrak jasan zituzten miliziano eta gudariek eta hori izan da, hain zuzen ere antzeztu dutena.

Antzezpen oso erreala

Azalpen horiek entzunda, eskopeta hots eta oihuen artean bete bete-betean sartu gaituzte 1936ko gerran. Ehun boluntariok osatutako aktore taldea, hasi da orduan lanean, Intxortako Atearen inguruan batutakoen arreta hasieratik irabazita. Atearen eskuman, miliziano eta gudarien, Martiartu batailoia (EAJ) lehen lubaki-lerroan. Handik gertu, Juventudes Socialistas Unificadas taldeko Dragones izeneko bi batailoiak. Tiro eta bonba hotsek, aktoreen arropa zein tresnek eta bereziki, seriotasun handiaz egindako antzezlanak, orain 76 urte gertatutakoak bertatik behera bizi ditugu ikusleok. Bataila antzeztuta, Elgetarako bidea hartu dugu guztiok gero. Herriko plazan elkartu gara guztiak, merezimendu osoz, protagonistak txalotzeko.

Hainbat iritzi jaso ditugu

Protagonisten lana amaituta, mikrofonoak atera eta hainbat iritzi jaso ditugu errekreazioaren nondik norakoak ikuspegi ezberdinetatik jasotzeko helburuarekin, hona hemen batzuk:

  • Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea: Memoria egitea da, nire ustez, helburu garrantzitsuena eta herriari erakustea gure historian gauza garrantzitsuak gertatu zirela eta horiek, gaur egungo elkar-bizitza antolatzeko orduan, eragin handia izan beharko lukete. Historiatik beti ikasgai handiak datoz.

  • Peio Urizar, EH Bilduko legebiltzarkidea: Garrantzia ematen diot horrelakoak garai honetan egiteari; etapa berri batean gaude non eskaria dagoen kaltetuekin gogoratzeko. Orain urte batzuk ere kaltetu asko egon ziren, eta horrelako ekitaldiak beharrezkoak dira orduan gertatu zena gogoratzeko. Txalotzekoa dela uste dut, era berean, horrelako elkarteek egindako lana, merituzkoa, esfortzu handikoa.  

  • Jon Hernandez (Euskadiko Alderdi Komunistako idazkaria): Bataila ikustera etorri naiz, oso interesgarria iruditu zait eta azpimarratzekoa gainera, herritarren ekimenetik sortutakoa dela. Ezinbestekoa Gerra Zibila eta frankismoaren memoria berreskuratzea, hori lortzeko, beharrezkoak dira horrelako ekitaldiak baina uste dugu erakundeen laguntza falta dela memoria historikoa lortzeko. 

  • Isabel Salud, Ezker Anitzeko koordinatzaile orokorra: Gustatu zait, uste dut antzezpen ona izan dela eta memoria berreskuratzeko lan handia egiten ari direla. Oso garrantzitsua da eta orain monarkiaren desprestigioarekin memoria berreskuratu da baina asko falta da berreskuratzeko oraindik. Alaitasunerako egunak dira horrelakoak eta gehiago egin behar ditugu.

  • Alberto Sardon (Elorriotik etorritako aktorea): Gudaria izan naiz, lau lagun egon gara trintxera bat egiten, gure txokoa babesten. Historia betidanik gustatu zaigu eta guda zibilaren garaia pertsonalki asko gustatzen zait. Oso ondo deritzot horrelako ekitaldiak antolatzea, jendeari historia irakasteko eta turismo aldetik Elgetak duen balorea erakusteko.

  • Jose Ramon Sarasua eta Jose Ignazio Ibarluzea (Elgetako aktoreak): Espainol eta karlista papera egin dugu eta uste dut nahiko ondo. Gure papera izan da granaderoak izatea, petardoekin-eta; mutikoak gustura ibili dira, gu ez horrenbeste. Gu gudariak lehendik gara eta horregatik errekete moduan apuntatu ginen, bandoz aldatuz. Barrutik, pixka bat urduri, hotz egon da, baina gerran ondo ibili gara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak