Antolatzaileak 15:00etan elkartu dira. Gainerako guztiak 16:00etan agertu dira. Euria eta tarteka elurra ere egin du, baina umore ona izan da nagusi. Lehenengo, antzezle guztiek arropa ondo jaso duten galdetu dute, eta ondoren taldeka antolatu dituzte parte-hartzaileak: nazionalak, erreketeak, falangistak, erregularrak, eta gudariak.
Parte-hartzaileei azaldu zaie errekreazio hasieran non egongo diren, eta antzezpenean zer egin behar duten. Fusilak nola kargatu, detonazioak simulatzeko petardoak nola bota, lurrera nola jausi... eguraldiak ez du lagundu, eta asko busti egin dira baina egon da entsegua alaitu duenik ere. Ugaotik etorritako taldea nabarmendu behar dugu horretan, falangisten paperean arituko direnak.
Bihar, domeka, 12:00etan hasiko da errekreazioa. Ikusleendako bereziki egokitutako guneak egongo dira, eta antolatzaileek eskatu dute gune horietatik ez irteteko. Zirkulazioa ere moztu egingo dute errekreazioa egiteko.