larraitz zeberio | elgeta
Zapatu goizean, Udalak antolatuta, ipuin kontalari saioa egin zuen Saroa Bikandik liburutegian. Gurasoen laguntzaz hamabost neska-mutiko elkartu ziren ordubeteko saioan ipuinak entzun, abestiak ikasi, eta eskulan txiki bat egiteko.
Saio integrala izan zen adar oso ezberdinak jorratu baitzituen Bikandik. Ilustrazioen bitartez udal liburutegiaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak ere eman zizkien ipuin kontalariak haurrei, eta bide batez gurasoei.
Saio dinamikoa
Tximeleta belarriak, Baba erraldoiak eta Txita polita ipuinak kontatu zituen Bikandik, baita Kutxa Magikotik ateratako bizpahiru olerki ere. Kantuan ere egin zuen neska-mutikoekin, eta eskulan txiki bat ere bai: tximeleta hegalari bana egin zuten haurrek, eta etxera eraman.
Gurasoen parte hartzearekin
Gurasoek ere saioan parte hartzea eskatzen du Bikandik. Hala, zapatuan, hamabost haur eta bederatzi guraso elkartu ziren liburutegian. Gustura irten ziren guztiak. Ikusteko dago orain saioak jarraipena izango duen, eta beste herrietan moduan talde finko bat sortzen den.