Elgeta nazioarteko magiaren erakuslehioa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko maiatzaren 1a

IX. Magia Mostra izango da Elgetan, maiatzaren 3, 4 eta 5ean. Nazioarteko magoak izango dira, tartean, saria irabazi dutenak. Askotariko ikuskizunak izango dira, bada, Espaloia aretoan eta, plazan ipiniko duten karpan. Sarrerak salgai daude, Espaloia aretoan eta baita on-line ere.

Plazako ekitaldiak doan izango dira eta aretoan izango direnen sarrerak salgai daude, Espaloian bertan eta on line, www.espaloia.com atarian. "Aurten asteburu osorako 21 eurotako bonoa ateratzeko apustua egin dugu, hasieratik dugun magia zaletasuna ahalik eta gehien hedatzeko helburuaz. Europako beste Mostra batzuetan, 30 euroren bueltako sarrerak izaten dira" diote Espaloitik. Badago baina egun bakarrerako sarrerak erosteko aukera ere: 15 eurotan egubakoitzekoa eta 18 eurotan zapatukoa. "Bonoarekin ikusleari bi estilo oso ezberdinetan murgiltzeko aukera eman gura diogu. Zapatuko Galak askotariko magoak batzen ditu baina magiaren barruko zuztarrak ulertzeko eta mago bat bere osotasunean ikusteko egubakoitzekoa oso gomendagarria da" diote antolatzaileek.

Orain arteko indartsuena

Lehenengo urteko sorpresaren ondoren, eskaintzaren kalitateak eta kantitateak, gora egin dute urtetik urtera. Euskal Herriko magoak ekartzen hasi ziren, oraingoan berriz, nazioartean saritutakoak gonbidatu dituzte. "Magian geroz eta adituagoa den ikusle orokorrarentzako kartela prestatu dugu: egubakoitzean, Tamarizen estiloko mago birtuosoa izango dugu eta zapatuan, berriz, diziplina arteko magia erakustaldia izango da". 

Kaleko egitarauan ere badira berrikuntzak: "Magiaz ikasteko haurrentzako tailerrez gainera, harrituko gaituzten Katiaren ikuskizunak izango dira; doan.

Espaloiarentzako marka bat bilakatu da Mostra eta horregatik aurrekontu handia badu ere, Mostrari eutsi gura diote. Udalaren, Foru Aldundiaren eta herriko enpresen laguntza jaso dute aurten. Mostraren arrakastaren beste erakusle bat da, inguruko hotelak beteta daudela.

Magoen elkargune ere bai

Magoendako ere erreferente bilakatu dela diote: "Asko gure bila etortzen dira guk eurengana jo aurretik. Ikusleak saritzen duen Txapelaren bila etortzen direnak ere badira. Izen bat dugu dagoeneko eta badakite gainera, mimatzen ditugula".

Magoek ere mimatuko dituzte Elgetara hurbildutakoak: "Afizioaz gainera, adizioa ere badute. Samurra da, magoak tabernetan trukuak bertatik bertara egiten ikustea". Bost eurotako billeteak 50 eurokotan bihurtzen dituztenak badirela ere esan digute. Krisi garaian, ez da gutxi!

Espaloia aretoan izango diren artistak

  • Dani Daortiz (Malaga): Umorezko magia bizia. Inprobisatzeko joera eta umore fin eta sarkorra duen mago osoa da. Egubakoitzeko saioaz gainera, zapatuko Gala aurkeztuko du. Tamarizen gertukoa eta egun munduan onenetarikoa dela diote.
  • Tá na Manga (Portugal): Magia poetikoa, minimalista. Magia oso berritzailea egiten duen bikotea da. Adituen esanetan ikustera ohituta ez gaudena. Minimalistatzat definitu dute. Bi lagunen artean, magia jokoen bitartez istorio bat kontatzen dute. 
  • Luis Boyano (Galizia): Magia mentalista. Elgetara datorren bigarren aldia da Boyano; oraingoan, Kabina espiritista batekin dator. Ikuskizun bitxia da eta oso ondo eginda dagoena. Mundu mailako mentalista saria eskuratu zuen.
  • Mario Lopez (Girona): Zigarroekin magia jokoak. Garai baten askok egiten zuten zigarroak erabilitako magia egiten du baina guztiz berritua; truku berri askorekin. Aretoan ez du zigarrorik erreko baina kea aterako dio eskuetan izango duen bakoitzari. 
  • Pilou (Frantzia): Karta manipulazioaren magia. 2006an eskuratu zuen Mundu mailako Magoen Kongresuko sariak bermatzen du Marsellako artistaren maila. Kartak manipulatzeko duen abilezia ikaragarria erakutsiko du musikaren laguntzarekin.
  • Edama (Errioxa):Magia ilusionista. Tramankulu eta argiteria handiekin osatutako ikuskizuna egiten duen mago gaztea. Telebistan ikusi ohi ditugun eratako saio ikusgarria egingo du  besteak, beste, desagertzeak eta horrelakoak.

Haurrentzako tailer magikoak plazan

Mostraren bultzatzaileek apustu berezia egin izan dute aurten kaleko eskaintzarekin: plazan doako sarrera izango duen karpa jarriko dute heldu zein haurrentzako.

Magiaz ikasteko helburuarekin, magia-jokoak eta eskulanak bateratzen dituen haurrentzako tailerrak egingo dituzte zapatuan eta domekan, Mendizale plazako karpan. "Urtero antolatu izan ditugu haurrentzako ekitaldiak, oraingoan, Gasteizko lagun batzuen laguntzarekin, tailerrak egingo ditugu. Hainbat mahai joko ikasiko dituzte eta etxera eramateko tresnatxoak ere egingo dituzte gainera.

Ez dute gura izan, karpa haurrentzako gune soila izatea eta horregatik ekarriko dute gorputzik gabeko emakumea. Garai bateko feriatan ohikoak ziren moduko ikuskizuna egingo du Frantziatik datorren Katiak, zapatuan eta domekan. Burua bakarrik duen emakumeak sekulako sorpresa emango dio karpan sartzen denari, ez du-eta samur asmatuko non dagoen trukua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak