Elgetan dena prest domekan egingo duten 1937ko borrokaldien errekreaziorako

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 26a

Ilusioa da nagusi lehenengo aldiz egitekoa den errekreaziorako; bihar, zapatua, egingo dute entsegu orokorra Asentzion. Domekako ekitaldia ondo ateratzea nahi dute denek. Alde batetik, errekreazioa egiten den lehenengo aldia delako, eta bestetik, ordezkaritza instituzional garrantzitsua espero dutelako Elgetan. 

Lan aste gogorra izan da honakoa Elgetan. Eguna hurbildu ahala gehitzen joaten den urduritasunari azken orduko ezusteak gehitu zaizkio eta antolatzaileak lanez lepo ibili dira.

Ordezkaritza instituzional garrantzitsua espero dute, gainera, egun horretan Elgetan. Udalak aditzera eman duenez, ekitaldian izango dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka, zehazteke dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat, Elorrioko alkate Ana Otadui, Bergarako zinegotzi Jaione Isazelaia, EAko Pello Urizar eta EBko Isabel Salud, besteak beste.

Arropen banaketa

Figurante askok antolatzaileen esku utzi dute zein paper irudikatu erabakitzeko ardura, eta esan beharra dago astelehenean jakin-minarekin agertu zirela asko arropak jasotzera. Gainerako materiala —kaskoak, fusilak, pistolak...— bihar arratsaldean Asentzion egingo duten entseguan jasoko dute.

Leherketa kontrolatuak

Domekako errekreazioan, milizianoek eta gudariek tropa frankistak gelditu zituzteneko gertaerak irudikatuko dituzte: 1937ko apirileko gertaerak. Astondoa pirotekniak leherketa kontrolatuekin irudikatuko ditu orduko bonbardaketak eta tiroketak. Hala, segurtasun neurri zorrotzak hartu beharko dira, eta antolatzaileek ondo seinaleztatuko dute ikusleek non kokatu behar duten. "Publikoari eskatzen diogu seinaleztapenak errespetatzeko eta ikusleendako prestatutako guneetatik ez irteteko", adierazi dute.

Intxorta 1937 kultur elkarteako Josuren Murgizuk egin ditu gidoi lanak. Talde edo batailoi ezberdinak ondo identifikatutako egongo dira, eta bakoitzak bere ofizial arduraduna izango du. Horien guztien gainetik, bando bakoitzak arduradun orokor bat izango du: tropa frankistek Josuren Murgizu eta miliziano eta gudariek Jon Etzezarraga. Guztien joan-etorriak behar den moduan koordinatzeko, Intxortako atea paretik zuzendari orokor lanak egingo ditu Elgetako Turismo teknikari Iraitz Lazkanok. Eguraldiak ekitaldia ez zapuztea gelditzen da orain. Errekreazioa 12:00etan egingo dute lubakien gunean.

Hogei bat minutuko errekreazioa

1937ko apirileko bonbardaketen simulaziorekin emango diote hasiera errekreazioari. Isilune baten ostean gudari eta milizianoak lubakietan kokatzen ikusiko ditugu. Orduan, tropa frankistak Asentzio aldetik gerturatuko dira. Erasorako kokatuko dira, eta tiro trukaketa hasiko da. Frankistek zauritu ugari izango dituzte, eta atzera egingo beharko dute. Bertsoekin amaituko da ekitaldia.

Ehun bat boluntario

Ehun bat lagun elkartuko dira antzezpenerako —tartean 25 bat elgetar—. "Uste baino emakumezko gehiagok eman dute izena", adierazi du Intxorta 1937 kultura elkarteko Josuren Murgizuk. "Bik La Belga izeneko posizioan egondako bi emakume belgikarren papera egingo dute. Gainerakoak, eta garaiko dokumentazioan oinarrituta, erizainen taldean sartu ditut". Murgizuren esanetan, emakumezkoen zeregina oso garrantzitsua izan zen gerran, baina frontean oso gutxi egon ziren. "Sozialistak izan ziren inplikatuenak", esan du. 

Erregularrak, falangistak, erreketeak, armadako soldaduak, erizain taldea, gudari eta milizianoak, fusilak, kaskoak, talde bakoitzaren ikurrak... arropa eta material ugari prestatu behar izan da, errekreazioa dokumentazio historikoan oinarrituko baita. Ekimenak 16.000 euroko aurrekontua du eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak 12.800 euroko dirulaguntza eman du. Norbanakoek egindako ekarpena ere eskertu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak