Familiendako eskaintza berezia dute udal liburutegian

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 25a

Gurasoen txokoa martxan da, eta zapatuan ipuin kontalari saio egingo du Saioa Bikandik.

Martitzenean, Liburuaren Egunean, herriko plazara atera zituen liburuak Geaxi Ezpeleta udal liburuzainak. Liburutegira ekarritako azken nobedadeak erakutsi zituen plazan baita herritarren artean hainbat liburu banatu ere. Eguraldia lagun izan zuen Ezpeletak, eta adin guztietako elgetarrak hurbildu zitzaizkion udaletxeko arkupean ipinitako mahaira.

Ipuin saioa zapatuan

Zapaturako Saioa Bikandi ipuin kontalariaren saioa iragarri du udal liburuzainak. 3-8 urte arteko umeendako saioa da. Ekintzan, hori bai, arduradun batekin hartu behar dute parte haurrek. Ideia da gurasoek eta umeek saioaz elkarrekin gozatzea. Horregatik, garrantzitsua da aldez aurretik izena ematea. Interesatuek udal liburutegian edo udaletxean eman dezakete izena. Ondorengo helbide elektronikoan ere bai: elgetakoliburutegia@elgeta.net.

Gurasoen txokoa

Liburutegian berria den Gurasoen txokoa aurkezteko ere baliatu du Liburuaren Eguna Ezpeletak. Gurasoendako interesgarriak izan daitezkeen argitalpenak elkartu ditu liburuzainak txoko horretan. Haur eta gazteen hezkuntzarekin erlazionatutako dokumentazioa aurki daiteke bertan ikuspuntu, esperientzia eta gomendio sorta handiarekin. Tartean da Arrasateko eta Aretxabaletako liburutegien eta Txatxilipurdi elkartearen artean argitaratu duten Gurasoentzako baliabide gida. Dokumentua kontsultagai duzue udal liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak