Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta Elgetan ere izango dugu ospakizun horrekin lotutako ekintzarik. Gaur, astelehena, ludotekako haurrek bisita programatua egingo dute liburutegira. Bihar, berriz, liburuak plazara jaitsiko ditu udal liburuzain Geaxi Ezpeletak. Liburuak doan eskuratzeko aukera egongo da, eta geratzen direnak aste osoan liburutegian egongo direla jakinarazi du.
Zapatuan, ipuin kontalaria
Saroa Bikandi ipuin kontalaria Elgetako udal liburutegian izango da zapatuan, hilak 27. 11:00etan hasiko du saioa eta doan bada ere beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Umeek, gainera, arduradun batekin parte hartu behar dute saioan. Liburutegian bertan eman behar da izena hilaren 25era arte.