Santiagoren erretaulatik abiatuta Elgetaren historiaren barrena ibili gara

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 20a

Dozena bat lagunek hartu dute parte eguerdian Elgetako elizan egin den bisita gidatuan.

Altxor ezkutu ugari gordetzen ditu Elgetako parrokiak. Esanguratsuena, sakristiaren ate ondoan aurkitzen den Santiagoren erretaula da. Iraitz Lazkanok gaur eguerdian emandako azalpenen arabera 1564tik 1567ra bitartean egina da —gutxi gorabehera— Parttaittin jaio eta Nafarroako inkisidore zen Martin Saez de Ibarra jaunaren aginduz. "Estilo nahasketa handia antzematen zaio erretaulari, orokorrean eliza osoan antzeman daitekeen moduan", esan du Lazkanok.

Erretaulan sei santuren irudiak ikus daitezke, eta beheko aldean dauden irudiak dira kalitate handienekoak. Kuriositate moduan esan irudi guztiak daudela identifikatuta, bat izan ezik. Hainbat dokumentaziotan 'X Saindua' adiera eman diote ustez San Miguel izan daitekeen irudiari.

Gainerako altxorrak

Ordubete pasatxoko iraupena izan duen bisita gidatuan Lazkanok elizak gordetzen dituen beste hainbat elementuren inguruko azalpenak ere eman ditu. Esaterako, Andra Mariri eta San Sebastiani eskainitako beste bi erretaulak, XIV. mendekoa den Uriarteko Amaren irudia, edo Martin Saez de Ibarraren zein Otxoa Donor de Olaegiren —Jalotzako Jauna— hilobiak. Elgetaren historiaren inguruko pasarte interesgarriak kontatu ditu gidariak bi pertsonaia horien bizipenak gogora ekartzerakoan. Jakin dugu, esaterako, Uriartekoak direla inguruotako lehenengo kristau aztarnak, Elgetar askok parte hartu zuela Arrasateren erreketan, eta Espainiako gerra ostean eraiki zela elizaren arkupeen azken zatia.

Bisitariak sakristian ere izan dira. Bertan, Errenazimentuko triptiko baliotsu bat, San Prudentzioren taila gotikoa eta Aste Santuko prozesioan erabili ohi ziren XVII. mendeko gurutzea eta oihala ikusi dituzte. Pablo Uranga margolariaren San Roke eta Jesusen Bataioa margolanak ere ikusi dituzte.

Organoa

Bisitariek elizaren koroan egin dute azken geldiunea bertan dagoen organoa ikusteko. Kasu honetan ere estilo nahasketa da ezaugarri nagusia. Bisitarien artean zen organo-jolea den Lorea Larrañaga, eta pieza bat eskaintzeaz gain hainbat azalpen eman ditu instrumentuaren inguruan.

Maiatzaren 25ean bisita gidatu berdina egiteko aukera egongo da berriz ere. Interesatuek izena eman behar dute info@tierraignaciana.com helbidera idatzita edo 943 79 64 63 telefono zenbakira deituta. Prezioa bi euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak