Trikitiaren gurpilak jarrai dezala biraka Debagoienean

Arritxu Barruso 2013ko apirilaren 20a

Goizean goizetik hasita trikiti doinuak besterik ez dira entzuten Elgetako kaleetan barrena. Debagoieneko IX. Trikiti Eguna ospatzen dihardute eta goizeko euri zaparrada txikiaren ostean, trikitilariek eguraldia lagun izan duten kalera atera eta ondoen egiten dakitena egiteko: soinua jo. 300 trikitilari inguru elkartu dira goizean eta bazkaltzeko 350 lagun. "Gure instrumentuaren eguna da gaur eta guretako oso berezia izaten da. Jendea ezagutu eta trikitia elkarrekin jotzeko aitzakia polita", zioten Bergarako tritilari gazte bik. 

11:00etan hasi dute egun handia Debagoieneko trikitilariek. Ongietorriaren ostean hamaiketakoa egin eta kalejiran ibili dira hara eta hona. 13:00etan gero, Elgetako plazan elkartu dira guztiak eta trikiti eskola ezberdinetako ikasleak taula gainera igo dira. Neska-mutiko gazte asko ikusi ahal izan dira tartean eta jotako piezak ere estilo askotarikoak izan dira; bat, esaterako, jazz kutsuduna ere bai. Azpimarratzekoa baita ere Arrasateko taldearen emanaldia; taula-gaina bete egin dute, talde handia ziren. Trikiti doinuak, kaxa flamenkoarekin, neska-mutikoen kantu eta txaloekin nahastuta eta irrintzi doinu artean sekulako giroa ipini dute Elgetako plazan.

Arrasatera testigua

Bada, hain justu ere Arrasateko trikiti eskolako lagunek erronka handia daukate datorren urtean. Beraien izango dira Debagoieneko X. Trikiti Eguna antolatuko dutenak eta horixe irudikatu dute gaur eguerdiko ekitaldiaren amaieran. Elgetako ordezkariek testigua eman diote Arrasateko ordezkariei.

Hain justu ere, 1981ean Elgetako Trikiti Eskolan izena eman zuen lehen ikasleak eman die testigua Arrasatearrei. "Pozik hartzen dugu testigua. Gaurko egunaren ostean ziklo bat ixten delako eta Arrasaten berria hasiko dugulako. Trikitiaren gurpilak jarrai dezala biraka zioen kantu batekin amaitu dute ekitaldia eta abestiak txalo zaparrada jaso du.

350 lagun bazkaltzera

Elgetako kiroldegian 350 lagun elkartu dira bazkaltzera eta tripa bete ostean parrandak herriko plazan jarraituko du berriro ere eMePebo5t taldearen erromeriarekin. Arrasateko Trikiti Eskolako kideen esan duten moduan jarraitu dezala bai, trikitiaren gurpilak urte askotarako bira eta bira Debagoienean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak