13:00etan, trikiti eskola ezberdinekin egindako ekitaldi nagusia izango da. Horren ostean, 14:30 aldera, bazkaria izango da, herri bazkaria, eta nagusi zein haurrentzako menua egongo da. Nagusien menua 18 euro da eta haurrena, aldiz, 13 euro. Helduen menua hau izango da: patatak errioxar erara eta oilasko errea patatekin eta postrerako goxua edo tarta izozkiarekin. Edateko, ura, ardo beltza, ardo gorria, sagardoa eta freskagarriak izango dira. Kafea eta infusioak ere eskainiko dituzte. Umeen menua, aldiz, makarroiak tomatearekin eta oilasko errea izango da. Postrerako, izozkia, eta edateko, ura eta freskagarriak.
Arratsalderako, aldiz, erromeria dago antolatuta eMePebo5t taldearen eskutik.
Debagoieneko Trikitixa Egunaren bederatzigarren edizioa izango da Elgetan bihar ospatuko dena. Gainera, trikiti eskola duten Debagoieneko herri guztietatik igaro da jada jaialdia; hortaz, lekukoa, berriz ere, abiatutako lekura itzuliko da, Arrasatera.
Elgetako antolatzaileek 250 lagunetik gora espero dituzte zapaturako.
Jacinto Rivas gogoan
Zapatuan, gainera, gogoan izango da Jacinto Rivas Intxuzabal soinu-jotzailea.
1905ean jaioa, sasiko umea zen, eta Elgetako Intxusa baserrian bizi izaten amaitu zuen. Orduko gizartean oso gaizki ikusia egon arren, trikiti eskolak ematea ogibide egin zuen lehen trikitilaria izan zen Jacinto Rivas. Baserriz baserri ibiltzen zen trikiti eskolak ematen, mantenua truke izanik. Adituek diote gaur egungo trikiti ikasleen aitzindaria dela Intxuzabal.