Etzi, domekan, Elgetako Espaloia Kafe Antzokia etxeko txikitxoenen irribarreek hartuko dute, izan ere, Irrien Lagunak taldea gonbidatu dute Eguzkiaren bidaia izeneko ikuskizuna bertan taularatzeko.
Lan hori 8-9 urtera arteko neska-mutikoendako dago gomendatua, "baina, noski, gurasook dakizue ondoen ikuskizuna zaharrago zein ume-umeendako ere badela…", egin dute gonbita Espaloiatik bertatik.
Sarrerak bost eurotan ipiniko dituzte salgai, "den-denentzako". Hori bai, "Goibeko Kultura Elkarteko bazkide gazteek doan sartu ahal izango dute bazkide txartela erakutsiz gero", azpimarratu dute antolatzaileek.
Ikusi eta ikasi
"Largabistak Ane Pirata gonbidatu du mendian txangoa egitera. Mendi tontorrean naturaz inguratuta dagoela Anek Eki, eguzkia ezagutu eta betirako lagun izango dira. Ekik bere bidaiaren berri emango dio: urtaro-urtaro egiten duela munduan bira eta bere geltokiaren arabera guk urtaroak bizitzen ditugula. Beroak dira batzuk, hotzak besteak, euritsuak, lehorrak, baina den-denak urtaroetako bakoitza, alai et irriz bizitzeko uneak dira".
Ikusteaz bat, ikasi ere ikasiko dute, beraz, ikuskizunera doazen gaztetxoek.