Mikel Urdangarin: "Kantuez berba egiteak baino zentzu handiagoa dauka horiek entzuteak"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko apirilaren 19a

Espaloian joko du gaur, barikua, Urdangarinek; aurretik Urko Meneia arituko da.

Espaloian joko du gaur, barikua, Mikel Urdangarinek, 22:30ean hasita; Azula diskoa aurkeztuko du Elgetako emanaldian. Ez da bakarrik igoko oholtzara eta hirukote formatuan bisitatuko du antzokia musikari bizkaitarrak. Sarrera 10 euro da, bazkideendako 8 euro.

Azula diskoarekin etorriko zara Espaloira. Nolako emanaldia izango da?
Gure asmoa orain arteko aurkezpenetako ildo edo eskema berdina jarraitzea izango da. Bi zatitan egongo da banatuta emanaldia, eta aurrenekoan diskoa bera erakutsiko dut. Askotan lan berria eduki arren, ahaztu egiten gara horretaz, eta kantu zaharrekin nahasten dira, nolabaiteko kremailera bat eginda. Horrexegatik erabaki nuen emanaldia bitan banatzea eta aurreneko zatian disko berria aurkezteko denbora hartzea eta bigarrenean kantu zaharren moldaketak eskaintzea.

Eta jendeak eskertuko du, ezta?
Zalantza barik. Gainera, jendea ea kantu ezagunak noiz jotzen dituzun zain ikusten duzu, eta, aurrena abesti berriak eskainita, gero, ezagutzen dituzten horiek ere entzuteko aukera izango dutela badakite. Orain arte emanaldiek primerako erantzuna izan dute, ondo egituratuta dagoela ikusi da-eta.

Ez zara bakarrik igoko oholtzara.
Hirukote gisa gatoz Espaloira: Angel Celada baterian, Koldo Uriarte teklatuetan eta ni gitarra eta ahotsarekin.

Azula diskoan Unai Iturriagaren hitzak ere jasotzen dira.
Lagun handiak gara; harreman polita daukagulako eta idazteko bere estiloa gustuko dudalako deitu nion hari. Bertsokeraz gainera, idazle izaera atsegin dut eta disko honen ariman erraz sartuko zela iruditzen zitzaidan Azula-rekin hasi nintzenean, eta hala izan da! Hiru ekarpen egin ditu, hiru kanturi hitzak ipini dizkie hitzak, bere estilo propioan. Hain zuzen ere, lehenengo pertsona indartsu batetan idazten du eta nik ere lan honetako kantak bide horretatik idatzi nituenez, ederto txertatu dira Iturriagaren ekarpenak disko berrian.

Elgeta ezagutzen duzu lehendik ere, ezta?
Hala da, bai. Hasiera batean gaztetxean jo izan nuen. Halere, Espaloia sortu zutenetik proiektu ezberdinekin gerturatu naiz bertara, Lauaxetaren diskoarekin, Sortuko dira besteak emanaldiarekin... Lekua ezagutzen dut, eta horrelako herri txiki batentzako oso toki dotorea dela iruditzen zait eta bertan egon naizenean eroso aritu naiz. Gainera, bertako jendea ezagutzen dut, aspaldiko lagunak ditut. Beraz, irrikaz nago gaur gaueko emanaldia hasteko.

Musika entzuteko denez, diskoaz gehiago berba egin beharrean, kontzertura joan beharko...
Gure lanaren zati bat da disko berrien gainean berba egitea, baina egia da lana hor dagoela, zuzenekoak hor daudela, eta interesa duten guztiak gonbidatuta daude emanaldia zuzenean jarraitzera. Musika entzuteko eta gozatzeko da, eta kantuez berba egiteak baino, zentzu handiagoa dauka abestiak entzutea eta horiekin disfrutatzeak, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak