Oraindik ere indarrean dagoen inpunitatea salatzeko ekimen berria Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko apirilaren 17a

Ehun bat lagunek hartuko dute parte hilaren 28an Intxortako Atearen parean egingo den errepresentazioan.

Egunotan beteko dira 76 urte Elgeta bonbardatu zutela. Borrokaldi haiek amaitu ziren, baina zauri asko dago oraindik sendatzeke. Hilaren 28rako Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak errepresentazio oso berezia iragarri dute. Lehen aldiz egingo dute, gainera. "Aurtengoa ez da zenbakiz urteurren potoloa, baina indartsua izango da apustu sendoa egin dugulako hainbat erakundek. Eusko Jaurlaritzaren turismo sailaren babesa ere jaso dugu, eta lortu ditugu ehun bat lagun errepresentazioan parte hartzeko", esan du alkateak. "Abiapuntu moduan hartzen dugu, izan ere, asmoa da errepresentazio hori aurrerantzean urtero egitea".

Erostarbek esan du badagoela interesa gaiaren inguruan. Iaz, 1250 lagunek eskatu zuten bisita gidatua, eta egon zen nor bere kabuz etorri zenik ere. Hala, eskaintza aberasteko apustuan dihardu Udalak. Datozen hilabeteetarako mobilendako aplikazio berria eta seinaleztapen egokiagoa iragarri ditu alkateak.

Gerra garaiko errekreazioa

"Errekreazioan gerra garaiko borrokaldiak irudikatuko ditugu artifizio eta piroteknia efektuekin", aurreratu du Intxorta 1937 elkarteko Josuren Murgizuk. "Asentzioko magalean egingo dugu, lubakien gunean. Jendea arma eta guzti joango da, garai hartako armak lortu ditugu, eta jantziak ere ordukoak modukoak izango dira. Badakigu borrokaldietan bi neska belgiarrek hartu zutela parte. Ez genuen espero eta errepresentaziorako gehiago apuntatu dira. Milizianoz egingo dute".

Errekreazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta 20 bat minutuko iraupena izango duela adierazi dute antolatzaileek. Intxortako Ate paretik ikusi ahalko da.

16.000 euroko aurrekontua

Ekimenak 16.000 euroko aurrekontua du. Kopuruaren %80 Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak ipini du; hau da, 12.800 euro. Materiala eta jantziak erosteko eta piroteknia ordaintzeko bideratu da diru hori. Partikularren laguntza ere jaso dutela adierazi du Josuren Murgizuk.

Duela 76 urte gertatutakoa kontextualizatzeko dokumentalak ere eskaintzen ari dira egunotan Espaloian. Bihar, eguena, duzue hurrengo hitzordua. 19:00etan Malko Gorriak ikusteko aukera egongo da. Izan ere, ezin dugu ahaztu ekitaldi horien guztien atzean aldarrikapen bat dagoela. Gaurko agerraldian Julia Mongek gaur egun oraindik ere indarrean dagoen inpunitatea eta gertatutakoaren ezeztapena salatu ditu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak