Gorka Arizmendiarrieta: "Niretako, Espaloia gauza handia izan da, beste askorendako bezala"

Ubane Madera 2013ko apirilaren 16a

Gorka Arizmendiarrietak (Elgeta, 1979) Gasteizen egiten du lan, Makron, ostalaritzako profesionalei zuzendutako supermerkatuan. Upategian hasi zen, bertako sommelierra ordezkatzen, eta orain komertzial lanetara bideratu dute. Batean zein bestean pozik dabil, izaera ere horrelakoa duelako: oso positibo eta oso optimista. "Elgetatik Gasteizera joan behar egunero, baina… oso pozik nago", dio hark.

Elgetatik Gasteizera joaten zarela diozu; aldiz, guretako zuzenagoa da esatea Espaloia Kafe Antzokitik Gasteizera joaten zarela esatea. Izan ere, Espaloiaren sortzaileetako bat zaitugu, ezta?

Proiektua aurkeztu genuenetik bertan jardun dut zortzi urtez. Orain ere badihardut laguntzen, ez dut-eta guztiz laga nahi. Baina orain ekintza puntualetara joaten naiz, deitu egiten didate eta ni joan egiten naiz. Gaur bertan joan beharra daukat, eta hiru ordu egingo ditu bertan.

Espaloia apur bat zurea bezala ikusten duzula pentsatzen dut…

Bai, eta pena apur batekin laga dut. Baina erabakia hartu nuen horrela ikusten nuelako. Bizitzan hartu beharreko erabaki horietako bat. Hala ere, zortzi urte eginda, badakizu zenbat istorio izan ditudan? Soinu-teknikari lanak egiten nituen, sukaldean ibiltzen nintzen, jangelan, kontzertuetan taula gainean, garbiketan… Pena handia eman dit, bai, baina niretzat Espaloia gauza handia izan da, beste askorendako bezala… eta herri txiki batean gehiago.

Gorka, eta zerbitzari izan zarenetik, barra atzetik beste modu batean ikusten da herria, ezta?

Bai, horrela da. Niri ostalaritzak lagundu dit jendea benetan ezagutzen. Psikologo lana ere egiten da, eta herri txiki batean are gehiago. Normala da.  

Zein zen zure espezialitatea zerbitzari moduan?

Negozio batek ondo funtzionatzeko oso inportantea da, nire ustez, kafe ona izatea, ardo kopa ederra izatea eta gaueko gintonika edo kubata ondo prestatzea. Eta niretako, horiek prestatzea luxu hutsa zen. Gozatu egiten nuen. Uste dut jendeak ere gustura hartzen zituela.     

Zelan dituzu gogoan Espaloia Kafe Antzokiaren hasierakoak?

Enpresa batean nenbilen, eszedentzia eskatu nuen eta Espaloian hasi nintzen. Hasi eta segituan sanjuanak ziren, eta gero Elgetako jaiak. Geneukan jangela guztia hartuta… erabateko kaosa izan zen hura! [Barre] Izan ere, proiektu berri batean parte hartzen duzun momentutik, helburu bakarra da dena ondo joatea, eta behar duzu jendea pozik egotea… horrek guztiak urduritasun puntu handia ematen dizu, baina… pentsa, urteak pasa ziren eta ez nintzen bueltatu lehenagoko lantokira, beraz… 

Ikuskizun asko tokatu zaizkizu; baduzu bat edo bat gogoan?

Asko egon dira oso onak; eta asko oso txarrak. Ze ona ikusteko, txar asko ikusi behar baitituzu. Dena den, beti izan dira oso onak harreman aldetik eta tekniko mailan Yllana taldekoak; Fernando Sanders ere gogoan daukat, oso kontzertu polita izan zen, oso musikari  profesionalekin etorri zen, Berri Txarrak taldearen kontzertuarekin betekada inportantea egon zen… Eta aipatzekoa da zenbat profesional etorri diren, ez dakit nondik, teknikoki eurek gauza mordoa erabili arren, gure baliabideekin konformatu direnak. Hori oso garrantzitsua izan da niretako. 

Famatu artean ere ibili behar izan duzu…

Bai, eta Espaloikoen helburua beti izan da ekitaldi bat amaitzean  artistekin harremana izatea. Adibidez, Anthony Blake ia urtero etortzen da Elgetara, eta saioa amaitu eta harekin afaltzen dugu, txikiteoan ibili gara… Oso modu naturalean, gainera. Azkenean, pertsona famatuak, askotan, umilenak izaten dira.  

Gaztetxeroa ere izan zara…

Bai, sasoi hura ere izan nuen. Oso ona izan zen. Gitarra jotzen hasi nintzen, musikariekin harremanetan, teknikariekin… Orain ere, hortxe doa gaztetxea aurrera. Ez dabil jende askorik inguruan bueltaka, baina badabil.

Norbait aurkituko bazenu Elgetari buruz gaizki esaka…

Niri demostratu egin beharko lidake. Eta esango nioke etortzeko niregana eta goitik behera esplikatuko nioke non dauden kaleak, tabernak eta non dauden inguruko paraje ederrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak