Adar kontuekin gertatzen den bezala, bata bestea baino kaltetuago

Imanol Gallego 2013ko apirilaren 15a

Egubakoitz gauean dezente bete zen Elgetako Espaloia, Gorka Otxoa eta Carla Hidalgoren 'Para lo que hay que vivir... mejor no morirses nunca' antzezlana ikusteko.

Komedia generoak askorako ematen du. Barrea eragiteko moduak oso desberdinak dira, baina bikote baten gainbehera klasikoen zerrendan sartuko nuke. Gizakiok izaera morbosoa dugu eta bikote bat bere erlazioa komunetik behera botatzen ikusteak barrea eragiten digu.

Para lo que hay que vivir... mejor no morirses nunca antzezlana bikote baten estoldetan barneratzen da, eta ironikoa dirudien arren, egoera dramatikoetatik istrionikoetara salto egiten du ikuslegoaren barreak behin eta berriro pizteko. Hau gutxi balitz, musika eta dantzak momentu surrealistak areagotuko ditu. 

Otxoa Hidalgo baino hobeto 

Ziur aurreko lerroak ez duela inor ezustean harrapatu. Gorka  Otxoa aktorea baino komediante handia dela esango nuke. Bere  aberria barrea da eta genero horretan gustura aritzen da. Antzerkiak gainera ikuslegoarekin konplizitatea estutzeko parada ematen dio eta une horretan, Donostiako aktoreak, bere onena erakusten du.

Zoritxarrez, Carla Hidalgoren lana ez da horren borobila. Une batzuetan antzerkitik at dagoela dirudi eta beste batzuetan gehiegi barneratzen da. Batean zein bestean ez du bere papera borobiltzea lortzen. Hala ere, une gutxi batzuetan, bereziki dantzetan, barre eragitea lortzen du. 

Laburtuz, Otxoaren lana, beti moduan, ona. Hidalgorena aldiz, bere karrera moduan, gorabeherez josia. Antzerkiak ez du Max saririk jasoko, baina afalosteko plan bezala ez da guztiz txarra.

Gorka Otxoa, aktorea: "Komedian eta antiheroi paperetan oso gustura sentitzen naiz" 

Para lo que hay que vivir... mejor no morirse nunca antzezlanaren ostean eta garagardo baten aurrean egin dugu Gorka Otxoaren zita. Gaueko ordu batak inguru dira eta erraz sumatzen da Otxoa leher eginda dagoela. Ziur Carla Hildago bezalako bikotekide bati adarrak jartzea lan nekeza dela.

Para lo que hay... komedia edo komeria da?

Egia esan inoiz egin dudan komedia eroena da hau. Egiazko gauza gutxi daude eta helburua oso zehatza da, jendearen barrea eragin nahi dugu. Langabezia, adarrak... Bezalako gaiak jorratu harren guztia fikzioa da. 

Zure pertsonaia gehienak amodio kontuetan galtzaile izan ohi dira. 

Hor dago umorea, galtzaile batek irabazle batek baino barre gehiago sortzen ditu. Bypass pelikulan emakume asko ibili ostean, filma bakarrik bukatzen nuen. Dena den, antiheroi paper hauetan oso gustura sentitzen naiz. 

Antzerkia ez da zure lan esparru bakarra. 

Telebista, zinea, antzerkia... Denetik egin dut eta orain horrela nabil. Duela bi aste bukatu genituen Eskerrik asko Petrov! programaren grabaketak, Madrilen telesail bat eta antzerki batean nago... Ezin naiz kexatu. 

Horrenbeste lanen ostean, kamera atzean ikusiko zaitugu?

Zuzendari bezala akaso, baina gidoilari lanak izugarrizko zailtasuna duela iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak