Udaberrian magiak hartu ohi du protagonismo nagusia Elgetako kafe antzokian, eta aurten ere nazioarteko artistak elkartuko ditu Magia Mostrak. Dani DaOrtiz handiak irekiko du hiru eguneko magialdia, eta hura izango da zapatuko magia galako aurkezlea. Gala horretan izango dira, baita ere, Luis Boyano (Galizia), Ta Na Manga (Portugal), Mario Lopez (Girona), Pilou (Frantzia) eta Edama (Errioxa).
Berrikuntzak herriko plazan kokatuko den karpa batean egingo diren umeendako tailerrak eta Katia gorputzik gabeko emakumea ikuskizuna izango dira.
Antzerkia eta musika ere bai
Magiaz gain, hiruhileko honetan Espaloian izango dira Mikel Urdangarin —apirilak 19—, Irrien Lagunak taldekoak —apirilak 21—, Bizardunak taldea Berria ziztada ekimenaren barruan —maiatzak 25—, eta 12 tribu eta Akatz taldeak —ekainak 15—.
Gaur, hilak 12, Gorka Otxoak eta Carla Hidalgok Para lo que hay que vivir mejor no morirse nunca izeneko antzezlana egingo dute 22:30ean. Sarrera da 12 euro, bazkideendako 10 euro.