1991ko apirilaren 11n zabaldu zituen ateak Elgetako trikiti eskolak. "Sei bat hilabete lehenago zabaldu zuten Arrasatekoa, Debagoieneko lehenengoa", esan zuen Jainagak atzo hilaren 20an Elgetan egingo den Debagoieneko Trikitixa Eguna aurkezteko agerraldian.
Datu interesgarriak eman zituen trikitixa irakasleak, eta esan zuen soinu txikirako zaletasun handia dagoela Elgetan. "Urteotan guztietan 85 bat ikasle pasa dira Elgetako trikitixa eskolatik", esan zuen eibartarrak. Elgetaren neurriko herri batendako kopuru handia dela uste du: "Herri honetan atari bakoitzeko soinu txiki bat dago", esan zuen.
Soinu txikiak 80. hamarkadan loraldi izugarria izan zuen, eta Elgetako trikitixa eskolan ere ezagutu dituzte egungoak baino garai hobeak. Galdetuta Jainagak esan zuen une honetan eskola ez dela dozena bat ikaslera heltzen, baina normala ere badela esan zuen. "Ulertzekoa da, izan ere, gaur egun umeendako eskaintza zabalagoa da. Eskola zabaldu genuenean trikitixa eskola eta beste ezer gutxi zegoen herrian".
Atzoko agerraldian Jazinto Rivas 'Intxuzabal' edo 'Elgeta' oso gogoan izan zuen Jainagak. Eskolak ematea ogibide egin zuen lehen trikitilaria izan zela azaldu zuen, eta beste hiru belaunaldiren aitzindaria. "Etorkizuna du mundu honek”, esan zuen, “eta paradojikoki emakumezkoei esker", gaineratu zuen. "Aurreko belaunaldietan gizonezkoak ziren nagusi gure munduan, baina gaur egun emakumezkoa da gehiengoa".
Adolfo Jainaga Goiena telebistako Magazinean saioan izango da astelehenean, apirilak 15. Ziur gauza interesgarri gehiago kontatuko dizkigula trikitilaritzari buruz.