Elgetako udalbatzak martxoko osoko bilkuran aztertu zuen 2012ko likidazioa. Bestela esanda, Udalaren iazko balantze ekonomikoa. Positiboan itxi du Udalak 2012a: alkateak azaldu duenez 52.198,87 euroko soberakinarekin.
Urte osorako 1.906.161,51 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak, baina ekitaldi amaieran kopurua 2.406.842,51 eurokoa izan da. "Igoera horren aldaketa nagusia da hainbat dirulaguntza lortu direla, tartean eskola ondoan martxan dauden lanak finantzatzeko", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.
Gerakina 2013rako
Aldundia Udalen zorpetze mailaren jarraipena egiten ari da. Elgetako Udalaren likidazio espedienteak jasotzen duenez gerakina 38.140,38 eurokoa da. Erostarbek argitu du kopuru horren barruan dagoela langileei ordaindu ez zaien Gabonetako ordainsaria: 14.345,64 euro, hain zuzen ere. "Abenduko ordainsaria ordaintzea balego, erabili ahal izango da", jasotzen du likidazio espedienteak. "Elgetako Udalak ondo egin ditu etxeko lanak", esan du alkateak, eta soberakina gastu arruntari edo inbertsioei aurre egiteko erabil dezakegu". Soberakin garbia 37.853,23 eurokoa da.