Itxaropentsu egoteko motiborik badagoela dirudi atzo egindako bi saioetara hurbildu zen neska-mutiko kopurua ikusita. Udalak antolatu duen euskal dantzen ikastaroaren hasierako saioak ziren, eta kiroldegiko gimnasioan egin zieten harrera umeei Irati Kortabitartek eta Xabat Leanizbarrutiak.
Asmoa da bi talde egitea. Bata 2005. urtetik 2008ra bitartean jaiotakoekin, eta bigarrena 2001etik 2004ra jaiotakoekin. Saioak ere ordutegi ezberdinean egingo dituzte: txikiena 18:15etik 19:00etara, eta nagusiena 19:00etatik 20:00etara. Txikien taldeak izan du oraingoz harrera hobea: 22 lagun gerturatu ziren lehenengo dantza saioa egitera, 13 neska eta bederatzi mutil. Nagusien saiora 13 lagun aurkeztu ziren, neskak hemen ere gehiengoa.
Ikastaroak hurrengo astean izango du jarraipena, eta eskolako ikasturte amaierara arte luzatuko da. Zentzu horretan antolatzaileek jakinarazi dute oraindik ere aukera dagoela izena emateko. Interesatuek udaletxera jo behar dute.
Ikastaroaren prezioa 12 euro da. Irakasleek ikusten badute epe horrek dantzaren bat edo beste prestatzeko aukera eman duela, akaso umeen dantza emanaldia izango dugu aurten Ferixa Nagusiko jaietan.