Apirilaren 20rako egun osoko egitaraua prestatu dute Elgetan: 11:00etan hasita, ongi-etorria, kalejira, trikiti eskola ezberdinekin egindako ekitaldi nagusia, herri bazkaria, eta erromeria iragarri dituzte. Elgetako trikitixa eskolari dagokio aurten Debagoieneko trikitixa eguna antolatzea, eta Oxel Erostarbe alkateak eta Adolfo Jainaga trikitixa irakasleak egin dute gaur, eguaztena, aurkezpen ekitaldia.
Debagoieneko Trikitixa Egunaren 9. edizioa izango da Elgetakoa, eta trikitixa eskola duten Debagoieneko herri guztietatik igaro ostean lekukoa, berriz ere, abiatutako lekura itzuliko da, Arrasatera.
250 jotzaile baino gehiago
Elgetako antolatzaileek 250 lagunetik gora espero dituzte. Erronka ere badela esan du gaur Oxel Erostarbe alkateak. Egitaraua aurkeztu eta gonbitea egiteaz gain, protagonismo berezia eman diote Jacinto Rivas Intxuzabali. 1.905. urtean jaioa, sasiko umea zen, eta Elgetako Intxusa baserrian amaitu zuen. Orduko gizartean oso gaizki ikusia egon arren trikitixa eskola ematea ogibide egin zuen lehen trikitilaria izan zen. Baserriz baserri ibiltzen zen trikitixa eskolak mantenu truke emanez. Gaurko trikitixa ikasleen aitzindaria dela esan du Adolfo Jainagak.
Apirilaren 20an gogoan izango dute Jazinto Rivas Elgetan. Gonbitea luzatuta dago. Herri bazkarian parte hartu nahi duten guztiek zabalik dute izena emateko aukera. Argibideak Elgetako udaletxean (943 76 80 22) edo nork bere herriko trikitixa eskolan jasoko ditu.