Txikitatik datorkio afizioa, baina orain bi urtera arte ez du nahikoa denbora izan margolaritzari eskaintzeko. Orain bai, eta gozatu egiten du, gainera. Espaloian 53 lan ipini ditu ikusgai; Elgetako, Elorrioko eta Abadiñoko hainbat txoko ikusiko ditugu bertan maiatzaren 2ra arte.
Lapitzarekin eta luma-muturrarekin egindako lanak ekarri dituzu.
Bai. Orain 37 urte oleoarekin hasi nintzen, baina aspaldi honetan luma-muturrarekin egiten dut lan. Argazkietatik abiatuta baserri, ermita eta paisaia asko egin ditut.
Azken bi urteotan egindako lanak dira guztiak?
Gehienak bai. Gaixotu egin nintzen eta beste zereginik ez nuenez margotzeari ekin nion. Argiñetako jaietan ipini nuen lehenengo erakusketa eta ordutik egin ditut hainbat. Enkarguak ere jasotzen ditut eta pozik nago.
Etxean margotzen duzu?
Bai. Nahi beste denbora dut orain eta nahiz eta margo batzuk denbora asko eskatu gustatu egiten zait.
Autodidakta zara?
Bai. Bederatzi urterekin egin nuen lehen koadroa eta etxean gordeta daukat. Ordutik ikastaro bat egin dut, itzalak-eta ateratzen ikasteko. Baina, bestela, autodidakta naizela esan daiteke.