Azaroan hasi zuten Elgetan ere Sortu alderdia eratzeko prozesua. Ordutik, lau herri batzar egin dira herrian bertan taldearen oinarri ideologikoak, ildo politikoa, barne antolaketa eta arduradunen aukeraketa egiteko.
Bariku iluntzean Ozkarbin egindako ekitaldian Sortu alderdiak Elgetan izango dituen lehentasunak, eta lan ildo nagusiak aurkeztu zituzten.
Hiru lan lerro nagusi
"Hiru borroka lerro nagusi aurreikusten ditugu", azaldu zuen Iraitz Lazkanok: "Masa borroka, borroka ideologikoa, eta borroka instituzionala".
Masa borrokaren barruan euskara, egoera sozioekonomikoa, hondakinen kudeaketa eta preso politikoak aipatu zituzten. Asmoa da atal bakoitzeko lantalde bat osatzea egoeraren gaineko kontzientzia zabaltzeko eta lan proiektu ezberdinak gauzatzeko.
Borroka instituzionalari garrantzia eman zioten aurkezpenean, eta lehentasunezkotzat jo zuten arlo horretako hutsuneak identifikatzea eta betetzen saiatzea. Baita ere kasuan kasuko jarduera protokoloak ezartzea, eraginkorragoak izateko urtean urteko programak planifikatzea, eta Bilduren eta Sorturen arteko harremana definitzea. "Herritarrengana iritsi behar dugu, eta gure lan ildoak zabaldu", esan zuen Janire Lazkanok.
Borroka ideologikoan formazioaren garrantzia azpimarratu zuen Iraitz Lazkanok, eta mahai-inguruak antolatzea edo materiala helarazteko proposamenak luzatu zituen. Hala, komunikazioari pisu handia eman gura diote, eta zabalik dituzten hainbat kanal aurkeztu zituzten: sortuelgeta@gmail.com, @sortuelgeta, eta laster Elgetako atala martxan izango dituzten elgeta.ehbildu.net eta sortu.net blogak.