Kanpandorrean hirurak jotzen zutela abiatu da Korrika Txikia Elgetako herri eskolatik. Bosgarren eta seigarren mailako neska-mutikoek egin dute ibilbidearen lehenengo zatia Aratz Guridik lekukoa eskuan zuela. Kantoikoan hirugarren eta laugarren mailakoekin bat egin dute. Orduan, Martin Egizabalek hartu du lasterketaren ikurra. Azkar joan da Korrika Txikia zati horretan, eta berehala iritsi da Elena Elkororen botika parera. Bertan, Lehen eta Bigarren mailakoek hartu dute lekukoa, Jokin Zeziagak zehatz esanda, eta euskararen aldeko lasterketak Salbador kaletik gora egin du.
Salbador kale ostean sartu bezain pronto gehitu dira pankarta atzean bost urteko gelako neska-mutikoak Alazne Errasti lekuko eramalea zela. Harategi parean beste taldetxo bat gehitu zaie.
Lau urteko gelakoak ibaibarriagatarren etxe parean zeuden zain eta Irati Bolinagak hartu du testigua. Erdiko Denda parean hiru urteko gelakoak zeuden zain, eta lasterketa plazan sartu denean hartu dute lekukoa eskolako txikienek, bi urtekoek, alegia. Josu Garmendia izan da aurten lekukoa eraman duen gazteena. Denek batera itzuli bat eman diote plazari.
Lasterketa polita izan da, eta eguraldia lagun izan dute Elgetan. Plazan, gainera, guraso talde polita zegoen elkartuta. Tipi tapa, tipi tapa Korrika oihu eginez sartu da lasterketa plazan, eta behin eta berriz entzun da lelo hori amaierako ekitaldian.
Elgetako leloa
Lekukoak ezkutatuta ekarri duen leloa irakurtzeko arduradunak seigarren mailako neska-mutikoak izan dira, eta udaletxeko balkoitik zabaldu dute mezua: Euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar du. Elkarri hitzegiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Euskara denona da, eta denontzat izan behar du zioen mezuak.
Pozik itzuli dira neska-mutikoak ikastetxera. "Polita atera zaigu Korrika", zioten batzuk.