Falangisten, Erregularren eta Erreketeen jantziak, 30 kasko, Mauser markako beste hainbeste fusil —originalak—, banderak, gerrikoak, zakutoak... udaletxeko ganbara gerra garaiko materialez beteta dago, eta arduradunek gertu dute Intxorta 76 urte ekimeneko egitaraua.
Errekreaziorako 80 lagun
Urteurrenerako, aurten, gerrako errekreazioa egingo dute lubakien gunean, eta 80 lagunek eman dute izena; tartean, 30 bat elgetarrek. Antolatzaileek argi utzi nahi dute emakumeek ere parte har dezaketela errekreazioan, oraindik ere galdezka dabil-eta jendea. "Gidoia zehaztea eta detaile txikiak fintzea gelditzen da", esan du Turismo teknikari Iraitz Lazkanok. "Bezperan, apirilaren 27an egingo dugun entseguan banatuko dugu materiala". Zentzu honetan Lazkanok gogorarazi du gudarien kasuan arropak norberak jarri beharko dituela. Ahal den neurrian katiuskak, larruzko botak, laneko buzoak, mahonezko prakak, kaikuak, koadrodun atorrak, txapelak...
Hiru ikus-entzunezko
Apirileko eguenetan, berriz, hiru ikus-entzunezko emango dituzte kafe antzokian. "Elgetan gertatutakoak ez ezik, inguruko herrietan gerrak izan zuen eragina erakustea dugu helburu". Apirilaren 11n, Gerrako garrak Oñatin izeneko dokumentala emango dute; apirilaren 18an Malko gorriak; eta apirilaren 25ean Arrasate 1936: Emakumea eta gerra. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira.