Gaur da eguna. Korrika 18 ez da Elgetatik igaroko, baina Korrika Txikiak ez du kale egingo. Herriko neska-mutikoek prest dituzte pankarta, lekukoa eta petoak. Ibilbidea, berriz, ohikoa izango da: eskolatik abiatuta Domingo Iturbe kaletik gora egingo dute eta Kantoikora hartuko dute Eibarko bidetik behera joateko. Artekalen Kataia zeharkatu eta Salbador kaletik gora egingo dute amaieran buelta hartu eta Salbador kale ostetik jaisteko. Ibaibarriagatarren etxe parean Ostatupeko parkinera hartuko dute eta parkinetik gora errepidea zeharkatu eta plazan sartuko dira.
Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hasiko dute ibilbidea eskolan, eta ibilbidean gainerako neska-mutikoak gehitzen joango zaizkie. Laugarren eta hirugarren mailakoak Kantoikoaren parean egongo dira, bigarren eta lehen mailakoak Salbador kalean, bost urteko gelakoak Salbador osteko kalean, lau urteko gelakoak Ibaibarriagatarren etxe parean, hiru urteko gelakoak Erdiko Denda parean eta bi urteko gelakoak plazan egongo dira zain lekukoarekin plazari buelta bat emateko.
Mezua udaletxeko balkoitik
Ibilbidea amaitutakoan neska-mutiko guztiak plazan elkartuko dira, eta bi ordezkarik lekukoak gordetzen duen mezua irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Ekitaldia amaitutakoan Korrika materiala erosteko aukera egongo da plazan bertan.
Gurasoak eta herritarrak ere gaurko Korrika Txikian parte hartzera gonbidatuta daude.