Gaztetxean kezkatuta daude herritarren erantzun txikiarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko martxoaren 19a

Apirilerako hausnarketa prozesua iragarri dute, eta herritarren inplikazioa eskatu dute.

Iragarri bezala, Gazte Asanbladakoek lanean eman dute gaztetxearen urteurrena. Aurten  ez dute ez kontzerturik ez afaririk antolatu, eta, horren ordez, gaztetxearen teilatua, biltegia, bulegoa eta abar txukuntzen eman dute urteurrena. Ospakizunetarako baino lanerako behar handiagoa ikusi dutela azaldu dute Asanbladatik; baina zer esan nahi du horrek? Zer dago erabaki horren atzean?

Asanbladan kezkatuta daude, eta onartu dute gauza ez doala ondo. Jakinarazi dutenez, azkenaldian jendeak geroz eta parte-hartze txikiagoa du gaztetxean, eta Inauteriak erabakigarriak izan ziren. "Ez zen egon inor", esan dute Asanbladatik. "Aspalditik ditugu arazoak jendearengana heltzeko, baina azkenaldian ekintza ludikoetan ere —kontzertuak, bazkari-afariak...— beherakada nabaria izan da", adierazi du Janire Lazkanok.

Lanerako gogorik ez zaiela falta adierazi dute, baina azkenaldian egun klabeetan ere ez dutela herritarrengandik lehen besteko erantzunik jasotzen jakinarazi dute. "Ez dakigu zergatik izan den aldaketa hori. Gure helburua ez da dirua ateratzea, baizik eta gastuak kubritzea, eta denbora bat bagoaz horretara ere ia heltzen ez garena", gehitu du Nagore Moralesek.

Hausnarketa prozesua apirilean

Hala, apirilean hausnarketa prozesua zabaltzea erabaki dute Asanbladako kideek. "Gauzak nondik nora bideratu pentsatu behar dugu. Gizartea aldatu egin da, akaso, eta errealitate berri horretara egokitu beharko dugu gaztetxea ere", esan dute.
Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute. Horregatik, dei berezia egin dute: "Jendeak gaztetxea erabiltzea nahi dugu, eta jakin nahi dugu ze erabilera eman nahi dion herriak gaztetxeari", azaldu dute. Gaztetxea bizirik mantentzea da gaur egungo Asanbladako kideen nahia, eta horretarako prest agertu dira estatutuak eta gaur egungo dinamikak berrikusteko. "Akaso, irtengo da gaztetxeak herriko elkarte ezberdinen elkargune izan behar duela, edo jendeak dantza entseguak egiteko erabili nahi duela, edo pintura tailerrak egiteko... nork daki!", esan dute.

"Herrira zabalduko dugu galdera eta nahi dugu herriak parte-hartzea; berriz definituko dugu gaztetxeari ze erabilera eman".
Hala, herritar guztiei dei egin diete Asanbladan zabaldu den eta herritarrengana ere zabalduko duten hausnarketa prozesuan parte hartzeko.

Hurrengo hitzorduak

Arazoak arazo, Asanbladak finkatuta dauzka urteko lan-lerro nagusiak, eta ekintza horiekin aurrera egiteko asmoa dute. Apirilaren 6rako, esaterako, kontzertua iragarri dute gaztetxean. Azken orduko aldaketarik ez bada, Penadas por la Ley, Apurtu eta Tony Metralla y los Antibalas taldeak izango dira gaztetxean. Asentzio eguna maiatzean, Umeen Eguna ekainaren 15ean eta herriko jaietako ohiko hitzorduak ere mantendu egingo ditu gaztetxeko Asanbladak.

Maputxeen alde lanean

Preso politiko maputxeen aldeko kanpainarekin bat egin du aurten gaztetxeak, eta buru-belarri dihardute horretan. Zapatuan egin zuten antolatutako sari banaketaren zozketa. Hemen saritutako zenbakiak: 753, 349, 214, 129, 905, 517, 088, eta 804.
Ordezko zenbakiak dira: 764, 852, 309, 985, 120, 860, 371, 535. Horrekin lotuta, maiatzaren 11rako egun osoko egitaraua iragarri dute, hitzaldiak eta kontzertuak tarteko. Preso politikoen senitartekoei sostengu ekonomikoa bidaltzea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak