Mikel Laskurain aktore bergararrak gidatutako saioan, Ahotsak proiektua zer den azaldu eta transmisioaren garrantzia azpimarratzen zuen ikus-entzunezkoa jarri zuten lehenengo. Gero, Ahotsak-eko Asier Sarasuak hartu zuen hitza. Proiektuan parte hartu duten pertsona guztiak eskertu zituen eta "munduko lantalde onena" dutela ere esan zien Espaloira bertaratutakoei.
Idoia Etxeberria Ahotsak-eko langileak, bestalde, azaldu zigun garai batean sutondoan egiten zen transmisioa orain ikasgela eta Internet bidez zabaltzen ari direla proiektuarekin. Dagoeneko Gipuzkoako herri guztietako pertsonen testigantzak jaso dituztela eta pixkanaka-pixkanaka proiektua hedatzen eta handitzen ari direla.
Ikus-entzunezkoen bitartez, Ahotsak-en historia eta helburuak ere azaldu zituzten. Esan zuten euskara jasotzeko eta nagusien ahozko ondarea jasotzeko helburuarekin sortutako proiektu bat dela eta proiektuan parte hartutako emakume batek zioen, besteak beste, "euskaldunon nortasuna" euskarak ematen digula. Euskalkiak batzeko eta gordetzeko ere balio du proiektuak eta memoria eta historia hurbilagotik ezagutzeko ere baliagarria dela entzun ahal izan zen jaialdian.
Oroigarriak
Laskurainen ahotik entzun ahal izan zen baita ere "hiztun bakoitza, lekuko bakoitza, informazio iturri handia" dela. Dagoeneko zenduta dauden lekukoen ahotsak ere entzun ziren Espaloian. Eta oroigarri bana ere jaso zuten proiektuan lagundutako lau kidek; hiztunik zaharrenei grabazioak egindako lau kidek, hain zuzen. Anizeta Agirre osintxuarrari 1985ean egindako elkarrizketagatik eta Amurrioko Pilar Isasiri 1974an egindako grabaketagatik. Oroigarri horietako bat jaso zuen Jaione Isazelaiak azaldu zuen pozgarria dela proiektuak aurrera nola egiten duen ikustea.
Webgune berria
Webgune berria ere aurkeztu zuten ekitaldian eta komunitatearen atalean edozein pertsonak parte hartzeko aukera duela azpimarratu zuten.
Ikus-entzuleak gustura
Espaloian, jende ezagun asko batu zen; tartean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arduraduna eta Zigor Etxaburua Foru Aldundiko Euskara zuzendaria. Bertaratu zirenek gustura jarraitu zuten jaialdia eta Ahotsak proiektua "osasuntsu" dagoela ikusi zuten. Jaialdian esan zuten bezalaxe: "Garelako izango dira eta zirelako gara".