Elgetako gaztetxeak 17 urte betetzen ditu, eta asanbladak urteurreneko egitaraua prestatu du. "Urteurren apur bat berezia izango da", aurreratu du Asanbladako Nagore Moralesek.
Badira hilabete batzuk Asanbladako kideak gaztetxea garbitzen eta konpontzen hasi zirela. Bigarren lokala goitik behera txukundu dute, eta aste bukaera honetan teilatuko lanak amaitzea, biltegia eta bulegoa txukuntzea eta gaztetxearen kanpoko aldea garbitzea proposatzen dute. "Egoera festarako baino lanerako dagoela ikusten dugu", esan du Asanbladako kide Janire Lazkanok.
Bi aste bukaerako plangintza egin dute. Bihar, zapatua, 10:00etarako egin dute hitzordua.
Triki-poteoa eta zozketa
Gaztetxea txukuntzea du ardatz urteurrenak, baina egongo da atsedenerako tartea ere. 12:30ean, trikirifapoteua egingo dute, eta 20:00etan preso politiko maputxeei elkartasuna adierazteko antolaturiko zozketa egingo dute. Gai horrekin lotuta Asanbladatik herriko ostalarien eta dendarien erantzuna eskertu dute, hamasei sari banatuko dituzte-eta.