Euskal Herriko Ahotsak proiektuak aurten hamar urte bete ditu eta www.ahotsak.com webguneak, bost. Hori ospatzeko, eta orain arteko ibilbidea laburtzeko, jaialdia antolatu du Debagoieneko eta Debabarreneko Badihardugu euskara elkarteak Elgetako Espaloia antzokian.
Martxoaren 15ean izango da ekitaldia, 18.30ean. Elgetan zergatik? Honela erantzun digu Asier Sarasuak, Badiharduguko kideak: "Arrazoi asko daude: proiektua Bergara, Elgeta eta Eibar artean jaio zelako, leku estrategikoa delako, Espaloiak azpiegitura egokia duelako eta, batez ere, bertakoak lagunak ditugulako".
Ekitaldia, eskerrak emateko
Ekitaldiak hiru helburu nagusi ditu. Hasteko, hamar urte hauetako ibilbidea errepasatzea: "Egin duguna eta egin nahi duguna jakinaraztea". Bigarrenik, webgunean egin diren berrikuntzen berri ematea, eta, azkenik, helburu "garrantzitsuena" dena: "Hamar urteotan bidean aurkitu ditugun lagun guztiei eskerrak ematea. Izan ere, Ahotsak guztion artean egiten dugu. Urteotan 500 lagun baino gehiago izan ditugu laguntzaile", dio Sarasuak. Laguntzaileen artean daude beste zenbait euskara elkarte, udalak, ikerlariak, transkripzioetan zein elkarrizketetan lagundu duten dozenaka lagun... "Horiei guztiei gure esker ona erakutsi nahi diegu".
Mikel Laskurain aktore bergararrak gidatuko du ekitaldia. Hasteko, bideo erakusgarri baten bidez historia, ibilbidea eta datu nagusiak emango dira. Gero, proiektuaren balioaz ohartarazteko grabatutako zenbait pasarte eskainiko dira, besteak beste. Gainera, proiektuarekin zerikusia izan duten Onintza Enbeita bertsolariak eta MP5 musika taldeak ere hartuko dute parte. Horren ostean, webgune berriaren aurkezpena egingo da –Komunitatea atal berriaren aurkezpen eta guzti–, eta baita laguntzaile guztiei eskerrak emateko ekitaldi bat ere. Ekitaldia amaitzeko, sari banaketa egingo dute, ahozko ondarearen bilketan "zeresan berezia" izan duten zenbait laguni oroigarri bat emanda.
Gero, pintxo batzuk dastatzeko eta berriketarako tartea egongo da eta 20:30ean kontzertua eskainiko du MP5 taldeak.
Ahozko ondarea jaso eta hedatu
Ahotsak proiektuaren helburu nagusia da Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea. Hau da, herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta haien euskara eta bizipenak jasotzea, gero herritarren artean zabaltzeko.
Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarrita. Ondorengo hiru urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ziren Badiharduguko kideak. Ordutik hona, Interneteko webgunea ere atontzen dihardute. Izan ere, webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu zuten. Beraz, proiektuak aurrera segitzen du, etengabe ari dira-eta materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.
"Orain, proiektu sendoa gara"
Hamar urte pasatu dira, eta Sarasuari orain arteko balorazioa eskatu diogu. Haren arabera, balorazioa ezin da positiboagoa izan: "Orain dela hamar urte oinarriak ipini genituenean eta lehenengo elkarrizketekin hasi ginenean, ez genuen pentsatzen hain urrun helduko ginenik. Elkarte txiki bat ginen –eta gara oraindik–, eta gure asmoa zen Debagoieneko eta Debabarreneko ahozko ondarearen lekukotasun batzuk jasotzea. Txiki-txikitik hasi ginen, gutxinaka, eguneroko lanarekin. Orain, proiektu sendoa gara. Esango nuke egun erreferentzia garela Euskal Herri mailan", uste du.
Lana hedatzea lehentasun
Orain arteko lehentasuna grabazioak izan dira, galtzen dagoen ahozko ondarea batu nahian. 1936ko gerra aurreko Euskal Herria ezagutu zuten gazte haien lekukotasuna jaso nahi zuten, eta hori, neurri batean, eginda dagoela dio Sarasuak. Orain, beste fase batean sartzen da proiektua, betiere, grabazioak ahaztu barik: "Batetik, orain arte jasotako guztiaren lanketa egingo dugu; katalogazioa eta ikerketa, besteak beste. Bestetik, hedapena eta gizarteratzea da erronka. Izan ere lan horretan ere lan askotxo egin badugu ere, pentsatzen dugu horixe izango dela gure lan nagusietako bat datozen hamar urteotan. Hau da, jasotakoa modu errazean gizarteratzea: ikerlarientzat, ikastetxeetan haurrekin erabiltzeko, eta abar".
Dagoeneko lehenengo urratsak ere egin dituzte, eta Ahotsak Ikasgelan du izena urrats horrek: "Proiektu bat abiatu dugu dagoeneko Debagoieneko zenbait herri eta ikastetxetan. Guk jasotakoa ikasgelan zelan erabili aztertzen dihardugu, eta nahiko emaitza politekin, gainera", uste du Badihardugu elkarteko kideak.