Oihan Vega polifazetikoa dela ukaezina da. Duela urtebete estreinatu zuen Aretxabaletan Euskararen Espektakulue, eta ordutik Euskal Herriko hainbat herritan izan dute euskarazko bakarrizketa umoretsua ikusteko aukera. "Elgetan jende gutxi etorri da, baina egon direnak gustura egon dira, eta barre egin dute. Sentsazioetan ere neurtzen dira emanaldiak", esan du Vegak.
Ordu erdiko bakarrizketa saioa da Euskararen Espektakulue, hausnarketa umoretsua berez serioa den tema baten gainean, baina formatuak etorkizuna duela iritzi dio bergararrak. "Euskarazko bakarrizketa gutxi ikus daitezke, baina urtebete honetan ikusi dudana da eskaera badagoela", esan du Vegak. "Gidoia aldatzeko unea iritsi zaigula uste dut, baina baikorra naiz; bide honek badu etorkizunik", gaineratu du.
Eta Oihan Vegaren ausardiaz ez dugu inongo zalantzarik. Plaza gogorra izan zuenatzo Elgetan, eta eszenatokian ondo defendatu zuen bere lana. Jendaurrekoetan eskarmentuduna dela bistakoa da.
Oñatin ere izango dute Euskararen Espektakulue ikusteko aukera, apirilaren 12an izango da.