Kiroldegiaren instalazioak eta bolatoki taberna-jatetxearen ustiaketa lehiaketara

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 28a

Udalak bost urterako berrituko du esleipena; interesatuek martxoaren 13ra arteko epea dute eskatutako dokumentazioa udal idazkaritzan aurkezteko.

Jose Monterrosok izan du azken urteotan Bolatoki taberna ustiatzeko eskubidea, baina esleipena berritzea tokatzen da, eta Udalak lehiaketa deitu du. Monterrosok ustiaketarekin jarraitzea du helburu, baina beste inor interesatuta egonez gero Udalak hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu du. Interesatuek martxoaren 13ra arteko epea dute eskatutako informazioa eta dokumentazioa Elgetako udaletxeko idazkaritzan aurkezteko.

Bost urterako

Lehiaketako deialdia zein baldintzak eta gainerako argibideak udaletxeko iragarkien taulan zein www.elgeta.org webgunean daude ikusgai.

Udalak bost urterako ustiaketa eskaintzen du —hiru urte eta banaka beste bi gehiago luzatzeko aukera—, eta hilean 200 euroko alokairua eskatzen du.

Kiroldegiaren ustiaketa hartzen duenak, besteak beste, urte osoan zehar eman beharko du zerbitzua —abuztua kenduta—, garbiketa behar den moduan egin beharko du, eta kirol zerbitzuak zaindu beharko ditu...
Alde biek adostuko dute zerbitzuaren ordutegi eta egutegia, baina printzipioz kiroldegiak zabalik beharko du astelehenetik barikura bitartean 10:00etatik 21:30era, eta zapatu, domeka eta jai egunetan 10:00etatik 21:00etara. Taberna-jatetxe zerbitzuak, bestalde, zabalik beharko du egunero 10:00etatik 21:00etara, gutxienez.
Kiroldegiko instalazioen erabileraren ondoriozko ur, gas eta argindar gastuak Udalaren kargu izango dira, ez horrela Bolatoki taberna-jatetxeari dagozkionak. Garbiketari dagokionean ustiatzailearen ardura izango da taberna-jatetxea garbi mantentzea baita ere kiroldegiko korridore, squash pista, sauna, aldagelak eta gimnasioa. Frontoiaren garbiketa zerbitzu horretatik kanpo gelditzen da.

Bolotan egiteko pista

Aurrerantzean, bolo jokoan egiteko kiroldegiko tabernan dagoen bolatokiak erabilgarri egon beharko du hileroko lehen aste bukaeran, barikutik domekara bitartean. Bestalde, aste bukaera horretatik kanpo inork kiroldegiko bolatokia erabili nahiko balu astebeteko epearekin egin beharko luke eskaera. Hori horrela, ustiatzaileak instalazio hori erabilgarri ipini beharko luke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak