Atzo, martitzena, herriguneko etxebizitza gehienetan sei ordu egin zuten argindar barik. Udaletxetik jakitera eman dutenez arazoa Azkonabieta inguruan, Goimendi, Azurtza eta Basalgo artean sortu zen jausitako zenbait zuhaitzek eraginda.
Berraondokoa industrialdean eta Salbador kaleko goiko aldeko eraikinetan eguerdi alderako bueltatu zen argindarra, baina erdiguneko gainerako eraikinetara 15:30ak arte ez zen itzuli. Hala, etxebizitza gehienetan ez ezik haurreskolan, herri eskolan eta herriko taberna-jatetxeetan argindar barik egin zuten egun erdi. Arantzetan, Beizun eta Azurtzan iluntzera arte luzatu zen itzalaldia.
Elur asko pilatuta
45 zentimetroko elur geruza da Elgetan, eta pilatutako elurra da orain kezka iturri. Errepideak zabalik daude, eta zirkulazioan ez da arazorik, baina udaletxetik arreta eskatu dute teilatuetatik jaus daitekeen elurrarekin. Udal langileek arrisku guneak kordoi zuri-gorriz seinaleztatu dituzte.
Elgetan aparkatzea ere ez da lan erraza egunotan. Aparkaleku gehienak elurrez beteta daude, eta herriko makinak aparkalekuak elurrez libratzen ari dira.