Dani Mateo jaun eta jabe Elgetan

Txomin Madina Milikua 2013ko ots. 24a, 12:06

Umorista eta kazetari kataluniarrak ez zuen hutsik egin atzo Elgetan eskainitako monologoarekin: ordu eta erdi pasatxo iraun zuen saioan erlijio nagusiek hil osterako planetatzen dituzten aukerak errepasatu zituen, baita zazpi pekatu nagusiak aztertu ere. Umore bizkorra erakutsi zuen Mateok, aktualitateari etengabeko erreferentziak eginaz.

Elgetako I. Monologo Mostra azken txanpan sartu da asteburu honetan. Eta lehenengo edizio hau amaitzeko ez dute edonolako gonbidatua aukeratu: Dani Mateo, umorista eta telebistan eta irratian eskarmentu handikoa.

Atzo gauen izan zuen Mateok asteburu honetarako aurreikusitako bi saioetan lehenengoa, eta, ikusmin handia piztu zuen: Elgeta apurka apurka zuritzen ari zela goraino bete zen Espaloia Kafe Antzokia. Eta Mateok aurreikuspenak bete eta gainditu zituen. Zer egin mundua amaitzen denean? Zeintzuk dira erlijio ezberdinek hil osterako planteatzen dituztenak? Galdera horiei erantzuna eman zien bere monologoaren lehenengo zatian, eta sinesmen nagusiei atera zien punta: budismoari, islamari eta kristautasunari.

Atseden txiki baten ostean, zazpi pekatu nagusiak hartu zituen hizpide Mateok, guztiengatik barkamena eskatuaz (nahiz eta alferkeria eta lukurreria gainetik pasa, bere azalpen ironikoaren arabera gurean ez delako asko ematen). Bai hil osterako aukeretean eta baita pekatuen errepasoan ere, gaiak abiapuntua soilik izan ziren, eta etengabeak izan ziren aktualitatari, bikote harremanei zein egunokotasuneko gaiei egindako erreferentziak. Mateo gainera, ez zen ahaztu non zegoen, eta euskaldunok ere jaso genuen gurea (sexu faltaren inguruan, nola ez!)

Umore bizia

Umore bizia, zuzena erakutsi zuen Mateok; baita neurri baten, bisuala ere: agertoki biluzian bakarrik egon arren keinuek, mugimenduek zein jarritako aurpegiek kontatzen ari zena primeran irudikatzen laguntzen zuten. Eta ikusleekin ere lehenengo momentutik ezarri zuen harreman zuzena, monologo baten zer egin behar den eta zer ez azaldu zuenean.

Gaur izango da Dani Mateoren bigarren saioa Elgetan, 19:30etatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak