Dani Mateo: "Publikoarekin interaktuatzen dut, ez dakit beste modu batera lan egiten"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ots. 22a, 12:08

Lanak behartuta, astean zehar hirian bizi da; aktore izateaz gainera, telebista eta irratiko esataria da. Asteburuetan, berriz, ederto egoten da Guadalix de la Sierran duen etxean. Sarritan, baina, monologista lana izaten du asteburuetan. Kontatu digunez, lan horiekin familia planak egiten saiatzen da, eta Elgetara  emaztearekin (Elena Ballesteros aktorea) eta alabarekin etorriko da. Bi emanaldi egingo ditu: zapatuan 22:30ean eta domekan 19:30ean. Sarrerak agortuta daude.

Elgetara PK 2.0: Que dios nos coja confesados ikuskizunarekin zatoz. Aurrera egiguzu apur bat.

Aurreko ikuskizunaren bilakaera logikoa da. Aurrekoan, mundua bukatu behar zela uste nuela kontatzen nuen. Oraingoan, berriz, ziurtasunez diot bukatu egin behar dela; beraz, gertatuz gero, zer egin ahal dugun kontatzen dut; gerorako aukerak eskaintzen dizkiet. Erlijioek aukera asko ematen dituztela ikertu dut, eta, horregatik, erlijio ezberdinetako aukerak aurkezten dizkiot publikoari. Gertuen duguna hobeto ezagutzen dugunez, hortik tiratzen dut. Bekatu kapitalen inguruan jarduten dudala besterik ez dizut aurreratuko.

Publikoarekin etengabe interaktuatzen duzu.

Duda barik, ez dakit-eta beste modu batera egiten. Katalana naizenez, hasteko, diruagatik egiten dut; horrelakoak gara. [Barre] Egia esan, ederto pasatzen dut, publikoaren erantzunaren araberako gidoi aldaketa gimnasia hori gustuko dut. Hala ere, azkenaldian, atseden hartzeko unean ote nagoen galdetzen diot nire buruari. Beldurra ematen dit leku askotan nagoenez jendea nitaz aspertzea.  

Ez dut uste. Sarrerak aspaldi agortu ziren eta azkenaldian beste leku batzuetan ere agortu dituzu.

Asko pozten naiz, ba! Baina ez pentsa, ez da beti horrela izaten; aurrekoan, Logroño ondoko herri batetan egon ginen eta 20 lagun bakarrik etorri ziren.

Zein da, baina, zure sekretua?

Ez dago sekreturik, baina truku on bat telebistan agertzea da. Bereziki igarri nuen nik Se lo que hicisteis saioan agertzen hasi nintzenean. Areto batean 20 ikusle izatetik, areto kanpoan jende ilarak izatera pasatu nintzen, egun batetik bestera. 

Euskal Herria gustuko duzula diozu, eta euskal publikoa? 

Euskal Herria ederra da aspektu askotan; bai, horixe! Euskaldunak bereziak zarete. Euskal publikoaren zintzotasunak ez du mugarik; beste leku batzuetan ez moduan, pentsatzen duena aurpegira esaten dizu ikuskizuna gustatu edo ez. Gogorra da batzuetan, baina hobetzen ikasteko baliagarria. Barre egiten duzue, baina ez beste lekuetan besteko algaraz; zuen isiltasuna ere gordinagoa da.

Telebista, irratia, aretoak... Preferentziarik baduzu?

Ez, asko kostatzen zait gauza bakar bat egitea; elkar elikatzen dutela esango nuke, gainera. Telebista egiten baduzu, jende gehiago joango da aretoetara eta aretoetako eskarmentua, gero, igarri egiten da mikrofono aurrean. Ez gaude, gainera, lanari ezetz esateko garaian. 

Telebista aipatuta, derrigorrean zure aita pontekoaz galdetu behar: zer diozu Wyomingi buruz?

Asko da niretzako. Komiko moduan betidanik izan naiz haren zalea. Orain, berriz, pertsonalki bilakatu naiz haren zale: erreferente moral aparta iruditzen zait. Sekulako talentua du.

Familiaren eta lanaren arteko kontziliazioa nola lortzen duzu? 

Familiaren meritua da, duda barik! Asteburuko lanak familia-plan bilakatzen saiatzen naiz. Oraingoa, esateko, Elgeta inguruko nekazari turismo eder batean igaroko dugu elkarrekin. Eta elurra iragarrita dagoela esan didazunez... perfektua!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak