Datozen asteotan, etxeko konpostatzearen gaineko jarraipena egiteko kanpaina abiaraziko du Debagoieneko Mankomunitateak. Atzo, eguena, jakinarazi zutenez, "telefono deien bidez lehenik, eta bisita eginez ondoren" informazioa batuko dute.
Herriz herri egingo dute datu bilketa. Antzuolan, Bergaran eta Oñatin hasiko dira, eta ondoren, gainontzeko herrietan, Elgeta tartean. Mankomunitateak informazioa batu gura du 2005-2012 urte arteko kanpainetan hasi eta aurtengo Aste Santua bitartean konpostagailua ipini duten bizilagunen artean. Telefono deiak zein bisitak konpostaje arloan diharduen Vermican enpresa nafarrak egingo ditu.
Norbere kabuz dihardutenak
Orain abiarazi duten kanpaina honen berri emateaz gainera, Debagoieneko Mankomunitateak norbere kabuz konpostagailua duten ibarreko bizilagunei dei egin die, jarduera horren berri norbere udaletxean eman dezaten. "Jarraipena burutu, eta hala balitz, dagokien hobaria aplika diezaieten".