Aste bukaeran egingo dute Andoaingo Bastero Kulturgunean urteroko piano jaialdia. Bost elgetar izango dira bertan: Lorea Gallastegi, Kattalin Otxoa, Egoitz Mañarikua, Maialen Alkorta eta Mikele Arkarazo. Bakarkako piezak joko dituzte Gallastegik, Otxoak eta Mañarikuak. Alkortak eta Arkarazok Diabelliren Alla Turca joko dute lau eskutara.
Lorea Larrañagaren ikasleak dira guztiak, eta atzo, eguaztena, egin zuten entsegu orokorra. Jendaurreko agerraldietan trebatzeko aukera polita da Andoaingoa. Arrasate Musikalek antolatutako Debagoieneko piano emanaldian ere izan dira aurten.