Hogei bat lagunek eman dute izena gerrako errekreazioan parte hartzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 20a

Beste 40 lagun behar dira; interesatuek martxoaren 8ra arteko epea dute izena emateko.

Tropa frankisten atzeraldia irudikatu gura dute apirilaren 28an Elgetan, eta prestaketa lanetan murgilduta dabiltza Intxorta 1937 kultur elkartea eta Udala. Apirilarekin Elgetan egin ohi duten omenaldia berezia izango da aurten, "Euskal Herrian tamaina honetako lehenetariko errekreazioa izango da", esan du udal turismo teknikari Iraitz Lazkanok. "Tradizio handia dago Estatu Batuetan, eta Espainian aldean ere egin dira, baina inguruotan dimentsio honetakorik ez".

Errekreazioan 1937ko apirilaren 20tik 24ra bitarteko borrokaldiak irudikatuko dituzte. Hau da, 1937ko udaberriko tropa frankisten atzeraldia. Intxortako Atea eskulturaren aurrean dagoen belardian egingo dute antzezpena, eta helburua da boluntarioekin egitea. 60 bat lagun beharko dituzte. Gizonezkoek zein emakumezkoen har dezakete parte, eta materiala antolatzaileek ipiniko dute. Hasita daude lanean. "Garaiko 30 fusil eskatuta daude —1916ko Mauser markakoak—, baita beste horrenbeste kasko ere. Arropak eta banderak-eta egiten hasita daude baita ere", esan du Lazkanok.

Boluntarioak

Boluntarioek martxoaren 8ra arte epea dute izena emateko. Momentuz, 20 bat lagunek eman dute izena. Bergaratik, Arrasatetik eta Ugaotik ere apuntatu dira. Interesatuek Haizea tabernan, Espaloia kafe antzokian zein turismoa@elgeta.net helbidean eman dezakete izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak