Elgetako txabola-jabe gehienek aurkeztu dute eskatutako informazioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko otsailaren 19a

Hamar txabolaren ezaugarriak falta dira; gutun ziurtatua jasoko dute egunotan jabe horiek.

Hemeretzi urte ditu txabolen inguruko Elgetako Udal Ordenantzak, eta berritu egin gura du Udalak, baina Ordenantza eguneratu aurretik herrian dauden txabolen errolda berritu nahi du. Abenduan egin zuten lehenengo deialdia: jabeei txabolaren kokapena, neurriak, eta erabileraren inguruko informazioa udaletxera helarazteko eskatu zitzaien. Baimenarekin edo baimenik gabe eraikitako txabolen jabeei luzatu zitzaien eskaera.

Udalak jaso ditu dagoeneko hainbat erantzun, baina ez eskatutako guztiak. Lizentziarekin eraikitako txabolen artean bederatziren informazioa falta da oraindik. Lizentziarik gabe eraikitakoak, berriz, 16 daude zenbatuta. Bat kenduta, denek aurkeztu dute eskatutako informazioa. Beraz, hamar txabolaren inguruko informazioa sumatzen dute falta udaletxean. Txabola-jabe horiek gutun ziurtatua jasoko dute egunotan txostena aurkezteko eskatzen.

Hurrengo ikuskaritza

Behin txosten guztiak jasota, hurrengo pausoa izango da udal teknikariak bisitak egitea txabola-jabeek aurkeztutako informazioa zuzena dela egiaztatzeko. Udal arduradunek adierazi dutenez lizentzia barik dauden txabolak legeztatzeko aukera emango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak